Garraio Sailak eta Donostiako Udalak beste hitzarmen bat sinatu dute, hirian autobus elektriko adimendunaren lehen linea sustatzeko

0

Iñaki Arriola Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak eta Eneko Goia Donostiako alkateak, atzo, maiatzaren 2an, Gipuzkoako hiriburuan, hirian autobus elektriko adimendunaren sistema abian jartzeko hitzarmena sinatu zuten. Bi erakundeek elkarlanean jardungo dute, hiri-autobusaren egungo 17. linean mugikortasun jasangarriko sistema hori sortzeko, bederatzi autobus elektrikorekin.

Akordio horren bidez, bi erakundeek adostu dute Udala arduratuko dela aurretiko azterlan teknikoak eta beharrezkoak diren aurreproiektuak idazteaz, bai eta proiektu eraikitzailea idazteaz ere. Euskal Trenbide Sareak, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren mendeko erakunde publikoak, laguntza emango du aurreproiektuan, proiektuan eta obrak gauzatu bitartean kontu teknikoak ebazteko.  Donostiako autobus elektriko adimendunak, 17. linearen bidez, Gros eta Amara auzoak konektatuko ditu, bai eta Ospitaleen gunea eta Miramon teknologia-parkea ere. Ibilbidea 15 kilometro inguru dira, eta, hartan, intermodalitatea ziurtatuko da Anoetako Topoaren trenbide-saihesbidearen bidez; horrek aukera emango du Gros auzoko lagunak trenarekin erosoago konektatzeko.

Proiektua hiriko mugikortasun adimendunerako –Smart Mobility– protokolo batean sartzen da; bi erakundeek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak sinatu zuten 2018an, eta 25,7 milioi euroko aurrekontua zenbatesten da, BEZa barne, hura idazteko eta ezartzeko. Kostuaren % 65 Eusko Jaurlaritzak hartuko du bere gain, 2022aren eta 2025aren artean, eta, gehienez, 16,7 milioi euro. Gainerako % 35a Donostiako Udalaren kargura izango da, 9 milioi euro inguru. Proiektua garatzeko epea lau urte ingurukoa izango da.

Proiektu honek emisio gutxiko garraiobide berria ekarriko dio hiriari. “Gure asmoa da –esan du Arriolak– aurrera egitea, ibilgailu kutsatzaileek garrantzia galtzen jarraitzeko, aukera berdeagoen mesedetan. Garraio publikoa deskarbonizatzea eta, aldi berean, mugikortasun-sistema eraginkorra, azkarra, erosoa eta segurua sustatzea. Eta pertsona guztientzat eskuragarria dena”.

Ekimenaren bidez, 2030erako EAEko Garraio Jasangarriko Gidaritza Planean jasotzen diren jarraibideei erantzuten zaie; Gidaritza Planaren helburua da garraio-eredu jasangarria eta integratua lortzea, Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte-kohesioko eta garapen sozioekonomikoko tresna gisa. Ekimenaren bidez, halaber, 2030erako EAEko Estrategia Energetikoari eta berotegi-efektuko gasen emisioak murrizteko 2050erako Klima Aldaketaren EAEko Estrategiari erantzuten zaie.

Proiektuak Europako ekarpena izango du Euskadiko 2021-2027 FEDER funtsen bidez.