Euskalmeten arabera, maila baxuetan egindako elurra eta izozteak izan dira apirileko fenomenorik aipagarrienak

0
Maila baxuetan elurra eta izotza egin badu ere, Euskalmet – Euskal Meteorologia Agentziaren arabera apirila normala izan da prezipitazioei dagokienez, Gorbea inguruko eskualdeetan eta Donostialdean izan ezik, bi eskualde horietan hezea izan baita. Tenperaturari dagokionez, apirila hotza izan da Araba erdialdean, eta gainerako lekuetan, aldiz, balioak normalak izan dira. Nahiz eta batez besteko klimatologikoak normalak izan diren, muturreko egoerak nabarmenak izan dira, elurra egiteaz gainera, ondoren XXI. mendeko apirileko tenperatura minimo baxuenak izan baitziren Euskadi barnealdeko estazio askotan.

Euskalmeten arabera, prezipitazio gehien Gipuzkoa ipar-ekialdean metatu zen, eta leku batzuetan 300 l/m2-ak gainditu ziren (Eskas 318,3 /m2); prezipitazio gutxien, aldiz, Arabako hainbat lekutan metatu zen eta ez zituzten 40 l/m2-ak gainditu (Moreda 41,1 l/m2 ).

Apirileko lehenengo bi egunetan elurra egin zuen urte sasoirako baxuak diren mailetan, 300-400 metrotik gora prezipitazio gehien izan zen uneetan, eta Arabako Lautadako zenbait lekutan 10 eta 20 cm artean metatu ziren.

Bestalde, euri-egunen kopurua urte-sasoirako normala izan da, orokorrean 10-13 euri-egun izan baitira, eta Arabako Errioxan, aldiz, 8 egun. Prezipitazio-egunak bi alditan pilatu ziren: lehenengoa hilaren hasieran, kota baxuetan elurra egin zuen egunetan; eta bigarrena 19tik 21era bitartean, eta hilaren 20an, esate baterako, metatutakoa 60 l/m2-tik gorakoa izan zen.

Apirileko batez besteko tenperatura orokorrean normala izan zen. Esan daiteke hotza izan zela Araba erdialdean, eta kostaldean, aldiz, 12-13 ºC inguruan ibili zen eta Arabako Lautadan 9 ºC inguruan; horrek esan nahi du 1981-2010 aldi normaleko tenperaturaren gainetik 0,2 ºC ibili dela Euskadi osorako. Aldi berean, izotz-egunak batez besteko klimatologikoaren gainetik ibili ziren, bereziki Araba erdialdean. Adibidez, 8 izotz-egun zenbatu ziren Gasteizen hilabetean zehar, eta batez bestekoa 2 egunekoa da.

Hain zuzen ere, apirilaren 3tik 6ra bitartean Euskadi barnealdeko estazio meteorologiko askotan erregistratu ziren mende honetako tenperatura minimo baxuenak, eta nabarmentzekoak dira Iturrietan neurtutako -8,4 ºC-ak, Altubeko -4,7 ºC-ak edo Abetxukoko -4,4 ºC-ak, eta apirileko tenperatura minimoen errekorrak dira.   Intsolazioari dagokionez, eguzki-orduak normala denaren azpitik mantendu ziren itsasertzean, eta ekialdean % 9 gutxiago ere izan ziren (Donostian 136 eguzki-ordu zenbatu ziren). Barnealdean guztiz alderantzizkoa gertatu zen, eguzki-orduak % 7 bat gehiago izan baitziren (Gasteizen 174 eguzki-ordu zenbatu ziren).

Muturreko baldintza meteorologikoei dagokienez, Eusko Jaurlaritzak guztira 2 alerta laranja aktibatu zituen elurragatik, bai eta 16 abisu hori ere, horietako 4 nabigaziorako olatu handiengatik, 3 elurragatik, 3 haizeagatik, 2 prezipitazio iraunkorrengatik, 2 izotzagatik eta beste 2 basoko suteengatik.