Europak orain zerga-arauak ez ezik, zerga-esparru zabalena ere berriz hausnartzeko aukera du

0

Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Kontseiluak (EGK) Europar Batasuneko gobernantza ekonomikoan pandemiak izan duen eraginari buruzko txostena aurkeztu du gaur Bilbon. Aurkezpenean, Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak nabarmendu duenez, “pandemiaren krisia aukera bihurtu nahi genuke. Politika publiko batzuk beste era batera bideratzeko eta indartzeko aukera”.

Sailburuaren ustez, osasun-krisiarekin beste aukera bat zabaldu da “inbertsio publikoari Atzeraldi Handian galdu zuen protagonismoa emateko, ekonomia suspertzeko eta eraldatzeko eragile moduan”.

Edonola ere, Next Generation EU ekimenaren Berreskuratze eta Erresilientzia Mekanismoaren helburuarekin eta helmenarekin lerrokaturiko aukerak dira, ekimenak, hain zuzen ere, “herrialdeei eta eskualdeei lagundu nahi baitie datozen bost urteotan gutxieneko anbizio komun bat mantentzen inbertsio berde eta digitaletan, Europar Batasunaren helburuekin koherentea izanda”.

“Jabetu behar dugu berandu baino lehen egonkortasunerako eta hazkunderako ituna eta zerga-kontsolidazioko arauak pixkanaka itzuli ahala, berriz ere gastuari eusteko eta inbertsiorako bidean jarriko” garela, adierazi du Azpiazuk bere esku-hartzean.

Are gehiago, adierazi duenez, kontuan hartuta baliabide gehiago bideratu beharko direla Europaren segurtasun ekonomikoa eta politikoa finkatzera eta gerra zentzugabe baten ondorio suntsitzaileak arintzera.

“Horrela, Europako gobernantza ekonomikoan kontuan izan behar da zerga-kontsolidazioko garaietan hazkunde jasangarria eta inklusiboa erraztuko duen gastu publikoa babesteko mekanismoak sartu behar direla”.

Bere ustez, “Europak orain zerga-arauak ez ezik, zerga-esparru zabalena ere berriz hausnartzeko aukera du”, Europako Funtsei izaera egonkorra emanez, Europako ondasun publikoez ari garenean arriskuak partekatzeko mekanismo gisa.

“Espero dezagun, beraz, Europako gobernantza ekonomikoa eta, bereziki, egonkortasunerako eta hazkunderako ituna berrikusteak ez duela eragotziko egiteke dauden eraldaketa handietan inbertsioaren aldeko apustua egiten jarraitzea”, azpimarratu du. Eta EGKn egin duen esku-hartzeari amaiera emateko, iragarpen bat egin du: “Euskadik EBri erakutsiko dizkio planeta osoari dagozkion erronkei elkarrekin, inor atzean utzi gabe, aurre egitearen alde onak”.

Informazio gehiago