Eusko Jaurlaritzak Next Gen webgunea aurkeztu du, Europako SEM funtsen deialdietara, lizitazioetara eta laguntzetara sartzeko

0

Eusko Jaurlaritzak, Ekonomia eta Ogasun Sailaren bidez, webgune espezifiko bat prestatu du Next Generation Euskadi funtsekin lotuta, “Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoekin (SEM) zerikusia duten funtsak eskuratzeko interesa duten eragileek deialdiak, lizitazioak eta laguntzak arintasunez aurkitzeko bide erraz bat izateko”, ekimenaren aurkezpenean Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak azpimarratu duenez.

Aurkezpena Europaren Egunarekin bat etorriz egin da, gaur ospatzen baita Robert Schuman Frantziako politikari ohiaren oroimenez eta omenez, gaurko egunez, orain dela 72 urte (1950), egin baitzuen gaur egun Europar Batasuna dena sortzeko bidea ireki zuen hitzaldia.

Aurkeztu den webgunea aipatutako planari buruzko informaziora eta egitura-funtsetara argi eta erraz sartzeko atea da, eta informazio eguneratua izango da bertan. Diseinu gaurkotu eta intuitiboak nabigazioa erraztuko du, eta horrekin praktikotasuna emango zaio.

Webgunea Euskadi.eus webgune instituzionalean, Kohesio Politikaren eta Europako Funtsen Zuzendaritzaren barruan dago:

Euskara: https://www.euskadi.eus/web01-a1ogafon/eu/

Gaztelania: https://www.euskadi.eus/web01-a1ogafon/es/

Eta horren guztiaren helburua izan da, ahal izan den neurrian, sartzeko bide bakar bat sortzea, “eta espero dugu baliagarria izatea eta gauzak erraztea”, erantsi du Azpiazuk, SEMa hedatzeko abian jarri diren “leihatila” guztien ondorioz, ETE eta pertsona askorentzat laguntzak eta subentzioak eskuratzea konplexua dela ikusita. Azpiazuk funts horien garrantzia balioetsi nahi izan du, eta adierazi du desiratzen dagoela “ekimen eraldatzailetan, datozen belaunaldientzat etorkizun-agertoki bat ziurtatuko duten ekimenetan, hezurmamitzeko”.

Iñaki Barredo Kohesio Politikaren eta Europako Funtsen zuzendariak eman ditu webguneari buruzko xehetasunak.

Prehome batetik abiatuta, erabiltzaileak Funts Estrukturaletan nabigatzea (EGEF eta Lurralde Lankidetzarako funtsei buruzko informazio guztia dago bertan) edo Next Generation Euskadi programan nabigatzea aukeratu dezake.

NextGenEuskadi programan klikatuta, funtsetarako atean sartzen da, eta bertan daude funts horiekin lotutako eduki guztiak, eta, azalpenean jartzen duen bezala, aukera historikoa da trantsizio ekologikoaren eta digitalaren erronkei aurre egiteko, Euskadi gizarte berdinzaleago, inklusiboago eta kohesionatuago baterantz doan bitartean.

Webgunearen atal honetan erabiltzailea honako gune hauetan sartu ahal izango da:

    • Suspertze eta Erresilientzia Mekanismotik datozen Europako funtsak bideratzeko Espainiako estrategia (PRTR).

 

    • SEMetik datozen eta Euskadira bideratu diren baliabideei buruzko informazioa, Eusko Jaurlaritzako sail bakoitzean identifikatutako ekimenekin.

 

    • Euskal erakundeen ibilbide-orria, herrialdeko proiektu estrategikoak jasotzen dituena, Euskadi Next 2021-2026 programan jasota dagoena, eta hiru trantsizioak, digitala, ekologikoa eta soziala, jorratzen dituen europar ikuspegiarekin koherentea.

 

Modu errazean, indarrean dauden lizitazioak ikus daitezke, bai eta laguntzak eta subentzioak eskuratzeko zabalik dauden deialdiak ere. Atal hau osatzen da Euskadi Next programaren gauzatze-maila erakusten duen agiriarekin.

Webgune hau osatzeko, funts horiei buruzko araudia eskaintzen da (hiru mailatan: Europa, Espainia eta Euskadi), bai eta iruzurra, ustelkeria eta interes-gatazkak prebenitzeko, hautemateko eta zuzentzeko iruzurraren aurkako neurriak ere (salaketak egin nahi direnerako postontzi bat ere badago).

Funtsei buruzko azken berriak eta irudi korporatiboetara sarbidea ematen duen errepositorio batek osatzen dute martxan gaur, astelehena, jarri den webgune hau.