Jonan Fernandezek: «Euskadiko, Estatuko eta Europako panorama demografikoa lehen mailako erronka estrategikoa da gure etorkizunerako»

0
PRUEBA

Jonan Fernandez Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren Idazkari Nagusiak Jakiundek antolatutako «Erronka demografikoa eta familia-eredu berriak» jardunaldiaren inaugurazio-ekitaldian hartu du parte gaur arratsaldean. Ekitaldia Gasteizko Vital Fundazioa Kulturunean egin da.

Bere hitzaldian, Fernandezek adierazi du “Euskadiko, Estatuko eta Europako panorama demografikoa lehen mailako erronka estrategikoa dela gure etorkizunerako. Gogoratu du aurreko legegintzaldiko Gobernu Programan, erronka demografikoa lau herri-erronka handietako bat izan zela. Legegintzaldi honetako Gobernu Programak hamar herri-helburuen artean ezarri du erronka demografikoa”.

Gobernu Programa horrek Erronka demografikorako 2030 Euskal Estrategia bat egitea aurreikusten du. Aurreikuspen hori betetzeko, 2021eko hasieratik, Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren Idazkaritza Nagusiak, Gizarte Politiketako Sailburuordetzarekin batera, sailarteko prozesu bat koordinatu du Jaurlaritzaren barruan, eta erakundearteko prozesu bat foru aldundiekin. Prozesu hori 2021eko azarora arte luzatu zen.

Sortutako dokumentazioa lau koaderno bereizitan egituratu zen: I. Esparru orokorra; II. Balantzea; III. Jarduera-plana; eta IV. Laburpena. Abenduaren 14an, dokumentazio hori Gobernu Kontseiluetan aurkeztu zen, bai foru aldundietan, bai Eusko Jaurlaritzan, jakinaren gainean egon zedin.

Lan-dokumentu horiek Eusko Legebiltzarrera eta EUDELera bidali ziren, eta jendaurrean jarri ziren. Harrezkero, 2022ko martxoaren 31ra arte, ekarpenak jasotzeko aldi bat ireki zen. Eusko Jaurlaritzak eta foru aldundiek hartutako konpromisoa izan zen estrategia horrek 2022ko ekainean behin betiko onespena izatea.

Maiatzaren 18an, Osoko bilkura monografiko bat egingo da Eusko Legebiltzarrean, erronka demografikoari buruz. Horren harira, Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren Idazkari Nagusiak adierazi du “eztabaida hori aukera ona izango dela irekitako prozesua osatzeko. Legebiltzarrean aurkeztutako ebazpenak, ekarpenak eta proposamenak ezagutu ondoren, hurrengo asteetan aintzat hartzea eta azkenean onartuko den estrategian sartzea aurreikusten dela”.

“Maiatza Demografikoa”

Erronka Demografikorako 2030 Euskal Estrategiaren proposamenak jarduketa-ildo bat jasotzen du prospekzioaren, zabalkundearen eta komunikazioaren arloan. Aurreikuspena da, 2023tik aurrera, maiatzean zehar, demografiaren gaiari buruzko dibulgazio-jarduerak sustatzea.

Jonan Fernandezek adierazi du, “aurten, asmo horren aurrerapen gisa, gure Idazkaritzak erronka demografikoari buruzko hiru jardunaldi babestuko dituela, bat Lurralde Historiko bakoitzean. Lehendabizikoa gaur Jakiundek antolatutako hau da. Bigarren jarduera Bilbon izango da, ekaineko lehen astean; eta hirugarrena, Donostian, ekaineko azken astean”.

Jarduera-ardatz horren barruan, halaber, prospekzio-azterlanak diseinatu eta abian jartzea aurreikusi da, errealitate demografikoa, bilakaera, kausak eta ondorioak hobeto ezagutzeko.

Norabide honen lehen urrats gisa, Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak Euskadiko biztanleek erronka demografikoarekiko dituzten pertzepzioetan eta jarreretan oinarritutako oinarrizko azterlan baten berri eman du gaur. Landa-lana 2022ko martxoaren 28tik apirilaren 1era bitartean egin zen, eta, guztira, 1.202 inkesta egin ziren telefonoz.

Prospekzio Soziologikoen Kabinetearen azterlanaren ondorio nagusiak

Bere hitzaldian, Fernandezek azterlan honen ondorio nagusiak izan daitezkeen batzuk nabarmendu ditu:

    • Herritarrei planteatutako etorkizuneko erronken artean, arazo demografikoak garrantzitsuenetakotzat hartzen dira, “larritasun” eskalan 7 punturekin 10etik. Desberdintasun sozialen eta pobreziaren atzetik baino ez dago (7,1).

 

    • Herritarrek planteatzen dituzten irtenbideek bi orientazio nagusi dituzte. Lehenik eta behin, enplegua (enplegua sortzea, %23, eta kalitatezko enplegua, %14); eta bigarrenik, familiak osatzeko laguntza (laguntza ekonomikoak, %17, eta jaiotza-tasa sustatzea, %12).

 

    • Biztanleriaren bi herenek (%65) uste dute etorkinen etorrera ere izan daitekeela biztanleriaren zahartzearen arazoaren irtenbidearen zati. Herritarren antzeko proportzio batek (% 64) uste du etorkizunean eskulan-faltari aurre egiteko neurririk eraginkorrena seme-alaba gehiago izatea dela.

 

    • Gaur egun dauden laguntzen berri ez izatea handia da. %46k ezagutzen du seme-alabak izateagatik ematen diren laguntzen berri. Ezagutzen dituztenen artean, %52k aipatzen dituzte zuzeneko laguntza ekonomikoak, eta %12k soilik ondorengoengatiko kenkari fiskalak.

 

    • Edukitako seme-alaba kopurua norberak zeukan kopuru idealarekin zenbateraino egokitzen den galdetuta, %52k dio eduki nahi izango lituzkeen edo edukitzea gustatuko litzaiokeen baino seme-alaba gutxiago izan dituela. 18 eta 29 urte bitartekoen artean, berriz, %81era iristen da ehuneko hori, baina horietatik, gutxienez, %56k espero du etorkizunean edukitzea.

 

    • Biztanleriaren %10ek dio “0 seme-alaba eduki nahiko lituzketela edo gustatuko litzaiekeela”; ehuneko hori %5ekoa zen duela sei urte. 18-29 urteko gazteen artean, baieztapen hori %15ek egin du. Labur esanda, amatasunaren eta aitatasunaren aurkako jarrera areagotu egin da. Dena den, galdetutako pertsonen batez bestekoaren arabera, seme-alaben kopuru ideala 2,2 da. Euskadiko jaiotza-tasa 1,28 da emakume bakoitzeko.

 

    • Lehen seme-alaba izateko adinari dagokionez, lortutako erantzun guztien batez bestekoa 28 urtekoa da. Hala ere, Euskadiko emakumeek lehen seme-alaba izateko batez besteko adina 32,6 urtekoa da Euskadin.

 

    • Nahi baino beranduago seme-alabak izateko arrazoietako bat da gazteak beranduago emantzipatzen direla. Euskal herritarren ustez, emantzipatzeko batez besteko adin egokiena da 25 urte. Hala ere, euskal gazteen batez besteko emantzipazio-adina 30,2 urtekoa da.

 

Jonan Fernandezek amaitzeko azpimarratu du “azterlan hau eta datu multzo hau aurreko azterlan eta inkestetan antzemandako joerak berrestera datozela. Berretsi egiten dute, batetik, arazo horren konplexutasuna eta izaera poliedrikoa; eta, bestetik, gai demografikoaren garrantzi estrategikoa eta datozen hamarkadetako ikuspegian duen lehentasuna”.