Ekimenak Vox eta Alderdi Popularraren (PP) talde parlamentarioek Estatuaren 2022rako Aurrekontu Orokorren 22/2021 Legearen xedapen baten aurka jarritako inkonstituzionaltasun errekurtsoei erantzuten die. Lege horrek Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen 7/1985 Legearen bigarren xedapen gehigarriaren atal bat aldatzen du EAEri gaikuntza nazionala duten udal funtzionarioen kudeaketa emateko, hala nola idazkariena, kontu-hartzaileena eta udal diruzainena.
Inpugnatutako xedapenaren arabera, gaikuntza nazionala duten toki-administrazioko funtzionarioei dagozkien ahalmenak Euskadik hartuko ditu bere gain, autonomia erkidegoko araudian ezarritakoaren arabera. Zehazki, bere lurralde eremuan plaza horietan dauden lanpostu hutsak betetzeko lan eskaintza publikoa hautatzeko eta onartzeko ahalmenaz ari da, eta baita lanpostuak betetzeko prozesu horietan funtzionarioak izendatzeko ahalmenaz, lehen destinoa esleitzeaz eta administrazio egoerez ere.
Errekurritutako xedapenak legean bildutako ahalmenen zehaztapena eta banakatzea aurreikusten ditu, EAEk bere gain hartuko dituenak, bai erakunde erkideek, bai foru erakundeek.
Egoera horren aurrean, Eusko Jaurlaritzak egokitzat jo du Konstituzio Auzitegiari eskatzea onar dezala EAEren agerraldia, Estatuko Gobernuaren laguntzaile gisa.