Funtzio Publikoaren Euskal Kontseiluak mahai bat sortzea erabaki du, gaikuntza nazionaleko toki-administrazioko funtzionarioei buruzko gaiak jorratzeko

0
Sede del Gobierno Vasco, Lakua

Eusko Jaurlaritza, legez aitortuta dituen ahalmenez baliatuz, Euskal Autonomia Erkidegoko enplegu publikoaren eskaintza martxan jartzen ari da, gaikuntza nazionala duten toki-administrazioko funtzionarioen lanpostuak egonkortzeko. Egonkortze prozesu horretan eskaini daitezkeen plazak identifikatu ondoren, hurrengo asteetan onartuko da eskaintza Jaurlaritzaren Kontseiluan, eta ekainaren 1a baino lehen argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

Funtzio Publikoaren Euskal Kontseiluaren bileran, Euskadiko hiru erakunde-mailen eta euskal funtzio publikoan gehiengoa duten sindikatuen (ELA, LAB, UGT eta CCOO) arteko topaketa foroan, Erakunde Harremanetarako sailburuorde Jone Berriozabalek Eusko Jaurlaritzak prozesu horri ekiteko duen asmoaren berri eman die Funtzio Publikoaren Euskal Kontseiluko kideei, baita lan-eskaintza publikoarekin lotutako zenbait alderdiri buruz ere. Era berean, berariazko mahai bat sortzea proposatu du, EAEko Administrazio Orokorrak eta toki eta foru mailako ordezkaritza sindikalak osatua, gaikuntza nazionala duten toki-administrazioko funtzionarioei buruzko gaiak jorratzeko. Kontseiluak proposamena onartu du, eta foro horretan negoziatuko dira deialdiaren oinarri orokorrak eta espezifikoak.

Eusko Jaurlaritzak erabateko borondatea erakutsi du tokiko erakundeetan funtsezkoak diren eta funtzio publikoak betetzen dituzten plaza horiei egonkortasuna emateko beharrezkoak diren prozesuei heltzeko. Lanpostu horiek zerikusia dute idazkaritzarekin, fede publikoa eta nahitaezko lege-aholkularitza barne, kudeaketa ekonomiko-finantzarioaren eta aurrekontu-kudeaketaren barneko kontrol eta fiskalizazioarekin, bai eta kontabilitate, diruzaintza eta diru-bilketa ere.