Gauzatu Industria programa: 28 milioi euro teknologia-oinarria duten edota berritzaileak diren ETEak sortzea eta garatzea sustatzeko

0
  • Enpresa txiki eta ertainei (ETEei) zuzenduta dago, eta erauzketako, produkzioko, eraldaketako eta haiei lotutako prozesu-produktuetako ETEak izango dira, oinarri teknologikoa dutenak eta/edo berritzaileak direnak
  • Eskabideak aurkezteko epea ekainaren 17an amaituko da

Gobernu Kontseiluak oniritzia eman dio Gauzatu Industria programarako 28 milioi euroko laguntzak arautzen eta deitzen dituen Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren aginduari. Helburua da teknologia-oinarria duten edota berritzaileak diren ETEak sortzea eta garatzea sustatzea. Eskabideak ekainaren 17ra arte aurkeztu ahal izango dira.

Gauzatu Industria laguntza programa, laguntza itzulgarri bezala gauzatzen da, egindako inbertsioekiko proportzionalak diren laguntzen bidez. Gehienez 200.000 € emango dira sortutako enplegu bakoitzeko, edo 150.000 € hasierako plantillari eutsi izan ezkero. Laguntza hauek bost urtetan itzuli beharko dira, eta ezingo dira 1,5M € baino gehiago izan enpresa bakoitzeko.

Eskabideak norgehiagoka-irizpideen arabera eta enpresa bakoitzaren oinarri teknologikoa eta/edo berritzailea kontuan hartuta emango dira. Horrela, teknologia-maila handia dutenei lehentasuna emango zaie, hala nola Energia, Fabrikazio Aurreratua eta Biozientzia edo Bioosasuna. Gainera, I+G+b eta berrikuntza teknologikoan inbertitutako baliabideak ere kontuan hartuko dira, baita ezagutza horiek merkatuan sartuko diren produktu edo prozesu berrietara transferitzeko gaitasuna ere.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak enpresa txiki eta ertainei laguntzeko konpromisoa hartuta du, eta, bereziki, horiei finantzaketa eskuratzen laguntzekoa. Eta faktore bakarra ez den arren, baldintzatzaile bat da ETEak haz daitezen eta lehiakortasuna hobetzeko eta teknologia-oinarria duten edo berritzaileak diren proiektuak abian jartzeko. Helburu horrekin sortu zen Gauzatu Industria programa, teknologia-oinarria duten eta/edo berritzaileak diren ETEak sortzea eta garatzea sustatzera bideratutako aurrerakin itzulgarriak ematen dituena.

Gauzatu Industria programa 2020-2024 Gobernu Programaren konpromisoekin lerrokaturik dago, eta, zehazki, “ekonomia suspertzeko eta enpleguaren aldeko” lehentasunezko jarduera ardatzari erantzuten dio, hazkundearen bidea berreskuratzeko eta langabezia-tasa berriz ere % 10etik beherakoa izateko ekonomia suspertzea, enplegua leheneratzea eta kalitatea hobetzea helburu dituena. Estrategia industria aurreratuan, inbertsioan, berrikuntzan eta nazioartekotzean oinarrituta dago, eta helburua da Euskadi industriaren eta teknologiaren arloan erreferente bihurtzea.

Erakunde onuradunak

Gauzatu Industria programa enpresa txiki eta ertainei (ETE) zuzenduta dago, eta baldintza hauek bete behar dituzte: erauzketa-industriakoak, eraldatzaileak, produktiboak eta horiei lotutako zerbitzuetakoak izatea eta oinarri teknologikoa eta/edo berritzailea izatea, bai eta jarduera nagusia industria-enpresetan (Zibersegurtasun Euskal Zentroa – BCSCren zibersegurtasuneko katalogoan erregistratutakoak) IT/OT (Information Technology / Operational Technology) inguruneetarako zibererasoen aurrean babesteko sistemak bateratzea eta integratzea duten enpresak izatea ere.

Laguntza hauen eraginetarako, enpresa txiki eta ertaintzat (ETE) jotzen dira 250 langile baino gutxiago dituztenak eta urtean 50 milioi eurotik beherako negozio-bolumena dutenak edo, gehienez ere, urtean 43 milioi euroko balantze orokorra dutenak.

Enpresa txikitzat jotzen da 50 langile baino gutxiago dituena eta urteko negozio-bolumenean edo urteko balantze orokorrean 10 milioi euroak gainditzen ez dituena.

Programa honen baldintzetako bat da enpresa onuradunak hasierako plantillari eta sortutako enpleguari gutxienez hiru urtez eutsi behar diola, enplegua sortu den egunetik edo denbora-horizontea amaitzen denetik zenbatzen hasita, luzapenak barne.

Erakunde onuradun bakoitzari eman beharreko laguntza itzulgarriak zehazteko, honako intentsitate hauek aplikatuko dira diruz lagundu daitekeen inbertsioaren gainean, enpresaren neurria eta oinarri teknologikotzat eta/edo berritzailetzat hartzen den kontuan hartuta.

Enpresaren kategoria Teknologikoa Berritzailea
Txikia % 35 % 30
Ertaina % 30 % 25