Etxebizitzetako obra txikietan laguntzeko RENOVE Plana Bilbon

0

Etxebizitzetako obra txikietan laguntzeko RENOVE Plana 2022, Hiri Berroneratzearen Sailak zuzendutakoa, aurrekontuaren % 50 agortuta iritsi da ezarritako epearen erdialdera. Aurreko edizioetan bezala, laguntza ekonomikoen ezohiko programa da, uri osoko etxebizitzetan obrak egitea sustatzen duena. Surbisak kudeatzen du, eta helburu hauek ditu: enplegua eta ekonomia suspertzea, etxebizitzetako konforta eta kalitatea hobetzea, eta gizarte-kohesioaren alde lan egitea. Ekimena Bilboko Udalaren #Bilbao 2022 Planaren barruan dago, eta COVID-19ak ekarritako ondorio sozioekonomikoei aurre egiteko ezohiko neurrietako bat da.

«Programa joan den urteko helburuaren ildo beretik doa, eta laguntza mota bi ditu, bateragarriak. Lehenengoak, etxebizitzetarako Renove Plana, birgaitze-lan txikiak egitea sustatzen du; dagoeneko 355 eskabide baino gehiago jaso ditu, eta aurrekontuaren 260.000 euro baino gehiago gastatu ditu. Bigarrena, Egokitu Plana, 60 urtetik gorakoentzat edo mugikortasun murriztua duten pertsonentzat da, beren etxebizitzetako irisgarritasuna hobetzeko», azaldu du Iván Calderón Hiri Berroneratzearen Saileko zinegotziak. «Egokitu lerrorako, 127 eskabide jaso ditugu, eta 130.000 euro banatu ditugu. Beraz, programak, orotara, aurrekontuan zituen 800.000 euroen erdia gastatu du jada», gaineratu du Calderónek.

Gaurko datara arte, Hiri Berroneratzearen Sailak 357 eskabide onartu ditu, eta, guztira, 390.000 euroko dirulaguntzak banatu ditu. Egindako obrek, bestalde, bi milioi eurotik gorako inbertsio pribatua ekarri dute. Izan ere, aurreko bi edizioetan, Renove Planak ia 12 milioi euroko inbertsioa bideratu zuen urian egindako etxe-berritzeetara.

Programa biek helburu bi dauzkate. Alde batetik, gizarte-kohesioa sustatzea; alegia, etxebizitzen jabeei dirulaguntzak ematea, Bilboko beren etxebizitzen barruan obrak egin ditzaten, horien kalitatea eta erosotasuna hobetzeko; energia-efizientzia ere hobetzeko eta, hala, energia-kontsumoa txikitzeko, eta edadetuen edo desgaitasunen bat dutenentzako etxebizitza irisgarriak lortzeko. Eta, beste alde batetik, eraberritzeen eta obren sektoreko enpresen, gremioen eta profesionalen ekonomia-jarduera sustatzea, sektore horretako enpleguari eustearren edo lanpostu berriak sortzearren, ahalik eta arinen, deslokalizazioa saihestuz, eta, aldi berean, materialen eta instalazioen industria-jarduera bultzatuz. Bi programa horiek bat datoz osasunarekin eta ongizatearekin lotutako garapen jasangarriaren helburuekin, eta hiriak integratzaileagoak, seguruagoak, erresilienteagoak eta iraunkorragoak izatea bilatzen dute, Bilbao Balioen Hiria agirian jasotako balore propioak diren neurrian.

BETEKIZUNAK

Eskatzaileek aukera izango dute, besteak beste, beren etxebizitzak barrutik birgaitzeko obrak finantzatzeko, 6.000 euroko gehieneko aurrekonturaino (gutxienez, 1.000 eurokoa izan beharko da). Finantziazioa egingo da itzuli beharrik gabeko dirulaguntza baten bidez: Renove Planaren kasuan, inbertsioaren % 20, etxebizitzako 1.200 euroko mugarekin; eta Egokitu Planaren kasuan, inbertsioaren % 30, etxebizitzako 1.800 euroko mugarekin. Bi lerro horiek bateragarriak dira, bai beren artean, bai Surbisaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzekin. Programaren 2022ko aurrekontua 800.000 eurokoa da.

Horrez gain, Egokitu Planak badu beste helburu bat: 60 urtetik gorakoen edo desgaitasunen bat duten pertsonen etxebizitzetan irisgarritasunik onena lortzeko obrak egiten laguntzea. Hala nola bainuontzia dutxarekin ordeztea, komunak edo txorrotak egokitzea, autonomia pertsonala erraztuko duten sistema domotiko eta teknologikoak jartzea, etab.

Dirulaguntzak honela izapidetu ahal dira:

    • Presentzialki, SURBISAren bulegoetan (Erronda 6), aldez aurretik HITZORDUA eskatuta, telefonoz (628 900 181).

 

 

Laguntza hauek eskatzeko, beharrezkoa izango da obretarako lizentzia 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera eman izana, obrak data hori baino geroago egitea, eta, betiere, 2022ko uztailaren 30a baino lehen amaitzea. Laguntzak eskatzeko epea 2022ko uztailaren 30ean amaituko da, edo aurrekontu-partida bukatzen denean.

HIRI BERRONERATZEAREN SAILA ETA SURBISA

Hiri Berroneratzearen Sailak urian esku-hartze integrala gauzatzea sustatzen du; hau da, hiri-, gizarte- eta ingurumen-gaiei erantzuten dieten esku-hartzea.Horrek esan nahi du uria berroneratzeaz gain, beste gai batzuk ere lantzen dituela; hala nola, mugikortasuna, espazio publikoa, ekonomia suspertzea, gizarte-kohesioa, hezkuntza, kultura, enplegua eta abar.

Bestalde, SURBISA udal sozietate bat da, Bilboko eraikin, etxebizitza eta lokaletan jabeek egin beharreko birgaitze-lanak sustatzen dituena. Udal sozietateak esku hartzen duen eremuaren barruan daude Zazpi Kaleak, Gurutze auzoa, Bilbo Zaharra, Trenbideko Langileen auzoa, Irala, Olabeaga eta Zazpilanda. SURBISAk helburu bi ditu: alde batetik, ondare eraikia segurua, irisgarria eta efizientea izatea eta kalitatezko etxebizitzak eskaintzea, eta, bestetik, bere eragin-eremuetan bizikidetza erraztea. Eta SURBISAren jardunaren helburua da bizi-kalitatea bermatzea, jarduera sustatzea, eta urira itzuliko den aberastasun ekonomikoa sortzea.

SARE SOZIALAK: