«Euskal kulturaren nazioarteko atea» erakusketa

0

Bilboko Euskal Museoak «Euskal kulturaren nazioarteko atea» erakusketa ibiltari berria inauguratu du. Kanpoko espazioetan erakusteko sortutako 20 panelek osatzen dute.

Bilboko Arriaga Antzokiko zabaldegian izan da inaugurazioa, eta bertan izan dira Bilboko alkate Juan Mari Aburto, Euskal Museoko presidente eta Euskara, Kultura eta Kiroleko foru diputatu Lorea Bilbao, Euskal Museoko zuzendari Sorkunde Aiarza eta Museoko erakusketa-teknikari Aloña Intxaurrandieta.

Bizkaiko museoak duela hilabete batzuk itxi zituen ateak, eraberritze integraleko obrak hasi aurretik egin beharreko lanei ekiteko. Hala ere, Museoak proiektuak lantzen jarraitzen du herritarrei eskaintzeko.

Erakusketaren helburua da bertako jendeari eta bisitariei ezagutaraztea nolakoa izango den Euskal Museo berria, egingo den berrikuntza integraleko prozesuaren ondoren.

Alde batetik, alderdi arkitektonikoa erakutsiko da, infografia eta informazio teknikoa oinarri hartuta. Kanpotik, jarduerarik garrantzitsuenarekin, jatorrizko bolumetriak eta estalkiekiko lotura berreskuratu nahi dira. Barrualdean, zenbait espazio nabarmenduko dira, hala nola Miserikordia, hustutako bolumen handia, erakusketa-lengoaia berriekin eta puntako baliabideekin. Muturretako batean, murgiltze-atmosfera bat sortuko da, maketa multimedia handi bati esker, 4 metroko altuerako espazio horretako oihal edo hormetako batean proiektatuko baita.

Bestalde, erakusketa ibiltariak Euskal Museoaren etorkizuneko museografia berriaren zati bat erakutsiko du. Infografiek zenbait espazio erakutsiko dituzte, esaterako, Klaustroa, lehen eta bigarren solairuetan, ondarea arte kategoriara igo, duindu eta erakusten duen agertoki handi gisa. Eraikin horretako arku bereizgarriak, argi naturalarekin, perimetroan erreplikatuko dira alboko hormetan, eta arku-galeriak sortuko dituzte bitrinekin. Diseinuari esker, erakusleiho bilakatuko da, espazioaren eta diskurtsoaren protagonistak izango diren 1.000 pieza inguru ikusgai jartzeko.

Bilboko Euskal Museoaren bildumak 50.000 pieza baino gehiago ditu. 100 urtetik gorako historian zehar, «bildumen bilduma» sortu da, erosketen politika aztertuari eta herritarrek eskuzabaltasunez egindako dohaintzei esker. Funtsen aberastasunak eta aniztasunak argi irudikatzen eta islatzen dituzte gure arbasoen bizitza eta egunerokotasuna osatu zituzten alderdiak. Funtsak zabalik daude, eta etengabe jarraitzen dute hazten, museoa bera bezala.

Erakusketa hau, beraz, baliagarria izango da Euskal Museoaren erakusketa erdi iraunkorra osatuko duten pieza horietako batzuk ezagutzeko. Bildumako pieza horien argazkiak Asier Gómez argazkilariak egin ditu, eta museoko bildumetako teknikariek 4 hizkuntzatan (euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez) egindako testuekin lagunduta aurkeztu dira.

IBILBIDEA

«Euskal kulturaren nazioarteko atea» erakusketa ibiltaria maiatzaren 12an ireki da Bilboko Arriaga Antzokiko zabaldegian, eta ekainaren 9ra arte egongo da bertan.

Erakusketaren ibilbideak Bizkaiko hainbat udalerritatik jarraituko du uda-garaian, honela:

    • Ekaina: Armintza

 

    • Uztaila: Bakio

 

    • Abuztua: Mundaka

 

    • Iraila: Ondarroa

 

Helburua da, batetik, bertako jendeak Euskal Museoaren proiektua eta bilduma ezagutzea, eta, bestetik, lurraldeko udalerrietan dabiltzan turistek hurbiletik ikusi ahal izatea euskal kulturaren erreferentea izango den gune bat.

2022/2023 udazken-neguko hilabeteei begira, museoak beste udalerri batzuk iragarriko ditu, lurralde barrukoak.