Donostiako Udalak 282 plaza onartu ditu 2022ko LEPrako

0

Tokiko Gobernu Batzordeak 2022ko Lan Eskaintza Publikoa (LEP) onartu du, funtzionarioen plantillako lanpostu hutsekin.

LEP honen bidez, aldi baterako enplegua egonkortu egingo da Udaleko plantillan. Izan ere, onartutako plazen % 70 baino zerbait gehiago kasu horri dagozkio.

Horregatik, 282 plaza onartu dira, horietatik 207 egonkortzekoak; azken horietatik 174, salbuespen gisa, lehiaketa bidez deituko dira, eta gainerako 33 plazak lehiaketa-oposizio bidez , 174 plaza horiek 2018an eta 2019an onartutako eskaintzetan sartuta egon arren, ez dira azkenean deitu.. Gainera, txanda irekiko 71 plaza eta barne-sustapeneko 4 plaza onartu dira.

Eneko Goia alkateak nabarmendu duenez, “2022an eskainiko diren plazen kopurua Udaleko Langile Batzordearekin lortutako adostasunaren emaitza izan da, plantillari egonkortasuna emateko legez ahal den plaza gehien sartzeko helburuarekin”.

Desgaitasuna duten pertsonentzako erreserbari dagokionez, eskainitako lanpostu huts guztien % 7 sartu da, seigarren eta zortzigarren xedapen gehigarrien egonkortze tasatik eratorritakoak izan ezik, salbuespenezkoak baitira.

Hautaketa-prozesuan parte hartzeko baldintzak prozedura bakoitzaren oinarrietan zehaztuko dira. Izen-emateak Udalaren web orriko enplegu atarian eta udaletxean bertan egin daitezke. Gainera, abian jartzen diren hautaketa-prozesuen gaineko abisuak jasotzeko aukera dago, zerbitzu horretan alta emanez web orrian bertan.

Sarrera berriko hautapen prozesua gainditu eta lanposturik lortzen ez duten izangaiak ordezkapenetarako zerrenda batean sartuko dira, hutsik geratzen doazen lanpostuak betetzeko edo aldi baterako beharrei erantzuteko.

 

Next Funtsak

Tokiko Gobernu Batzordeak onartu du Donostiako hipodromoko tribuna egokitzeko obra proiektua egiteko zerbitzua kontratatzeko espedientea, Next Generation funtsen bidez finantzatuta. Lizitazioaren aurrekontua 12.500 eurokoa da, eta gauzatzeko epea hilabetekoa.

Kontratutako zerbitzuaren xedea da dokumentazio teknikoa idazteko egingo den kontrataziorako baldintza teknikoak zehaztea, Donostiako hipodromoko helmugako tribuna egokitzeko eta irisgarritasuna hobetzeko, zerbitzu edo prestazio hauekin: igogailua, komunak, palkoa eta mugikortasun murriztua duten pertsonentzako eremua.

Ondarreta hondartzako taberna

Tokiko Gobernu Batzordeak onartu du Guajira Sicodelica SLri esleitzea Ondarretako hondartzaren ekialdean jarriko den kiosko-taberna ustiatzeko zerbitzu emakidaren kontratua. Kontratuaren iraupena 2 hondartza denboraldikoa da (ekainaren 1etik irailaren 30era, 2022. eta 2023. urteetan), eta kanona 38.720 eurokoa da denboraldiko.

Aipatutako kiosko-tabernan edariak, izozkiak eta ontziratutako beste produktu batzuk saldu ahali izango dira baimendutako neurri eta ordutegian.

2022/05/17-an argitaratua