Munduko Hizkuntza Ondarearen UNESCO katedraren hitzarmena, berrituta

0

UNESCOk eta Universidad del País vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak adostu zuten UPV/EHUren Munduko Hizkuntza Ondarearen UNESCO katedra sortzea 2006an, Euskal Herriko zein munduko hizkuntza ondarea babesteko, dibulgazioaren, sentsibilizazioaren eta lankidetza zientifikoaren bidez.

Katedra aholkularitza eta laguntza eskatzen duten hizkuntza gutxituetako beste komunitate batzuez arduratzen da, batez ere, irakasle indigenak trebatzen. Euskara normalizatzeko euskal esperientzia da horretarako abiapuntua, ikaskuntza elebidunari, hezkuntzako murgiltze ereduei eta hizkuntza jarreren azterketari buruzko ikerketa propioen bermeari esker.

Orain, UNESCOk EHUrekin sinatutako hitzarmena berritu du, bai eta hauxe adierazi eta onartu ere: “Katedrak elebitasunaren eta eleaniztasunaren inguruko ezagutza plataforma gisa balio du; sentsibilizatzen ere badihardu, eta ezagutza trukatzeko laguntzen. Katedraren ekintzek hizkuntzekin eta gutxiengoaren hizkuntzekin zerikusia duten gaurkotasuneko gaiak jorratu dituzte, arreta Euskal Herrian jarriz, gehienbat, eta jarduera, batez ere, tokian tokikora bideratu dute. Katedra Euskal Herriko UNESCO sarearen barruan dago, Espainiako Lankidetza Batzorde Nazionalarekin lankidetzan dihardu eta UNESCOren hezkuntza lehentasunen inguruan laguntzen du”.

Katedrak multimedia produktu ugari sortu ditu, horietako batzuk UNESCOren Ama Hizkuntzaren Nazioarteko Eguneko eta Hizkuntza Indigenen Nazioarteko Urteko ospakizunak direla eta, 2019an. “Katedrari zorionak eman nahi dizkiogu ekitaldi horietan egindako ekarpen handiagatik. Bestalde, katedrak hizkuntza aniztasunaren alde egiteak Garapen Iraunkorrerako Helburuetan (GIH) hizkuntzarik ez egoteari lotutako hutsunea bete nahi du; hortaz, garapenerako laguntza proiektuetan eta 2030 Agendan ardatz hartu du hizkuntza lankidetza. Ildo horretatik, zorionak eman nahi dizkizuegu hizkuntzak eta kulturak GIHetan duten egitekoaz laster aterako duzuen argitalpenagatik”, gaineratzen du UNESCOtik jasotako oharrak.