Azpiazuk Europari eskatu dio Estatuei jarraipen handiagoa egin diezaiela eskualdeekin garatzen duten kogobernantzari buruz, MRRko funtsak erabiltzeko

0

2022-05-17

Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeak (ELGA) gonbidatuta Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak esku hartu du gaur Trenton (Italia) egin den “Tokiko garapenerako estrategiak berraztertzea, COVID 19a kontuan hartuz” konferentzian. Sailburuak mundu-mailako osasun-krisialdiaren ondorengo panorama aldakorrak, bere iritziz, eskualdeetan izango dituen inplikazioak azaldu ditu. Azpiazuk Europari eskatu dio estatuei jarraipen handiagoa egin diezaiela eskualdeekin garatzen duten kogobernantzari buruz, MRRko funtsak erabiltzeko. Eraldaketa ekonomiko handiei aurre egiteko erabili behar dira.

Aditu akademikoak, eskualdeetako liderrak eta legegileak bildu dituen foro horretan, Azpiazuk, bere azalpenari hasiera emateko, adierazi du Euskadik industrian oinarritutako ekonomia indartsu eta berritzailea eraiki duela, eta balioa eman die Eusko Jaurlaritzak “ongizatearen zerbitzura dagoen lehiakortasuna lortzeko” egindako estrategiaren ezaugarri bereizgarriei.

Puntu horretan, azken hamarkadan jarraitutako estrategiaren bost ezaugarri bereizgarri nabarmendu ditu: espezializazio adimenduna; I+G+b sistema indartzea; lanbide-heziketa; produktu eta prozesuetako berrikuntza bultzatzea; eta lankidetza-gobernantza.

Lankidetza-gobernantza da eskualde-lidergo banatuagoa bultzatzeko eta kanpo-konektagarritasuna hobetzeko gobernantza-mekanismoen hobekuntza. Azpiazu puntu horretan zentratu da eta, adibide argigarri gisa, labur-labur azaldu ditu Euskadin berriki hedatutako lankidetza-gobernantzako hiru esperientzia. Zehazki, Euskadiren Susperraldirako eta Erresilientziarako Next Programa aipatu du (“erakunde publikoen arteko lankidetza-gobernantzaren eta lankidetza publiko eta pribatuaren adibidea”, nabarmendu du), Euskal Autonomia Erkidegoko Espezializazio Adimentsurako Estrategiako “Pilotaje Taldeak” (“horien artean Basque Industry 4.0.-rena dago, eta Euskadin trakzioko industria-sektoreek ezarritako teknologia-, negozio-, antolamendu- eta talentu-lehentasunei epe labur eta ertainean erantzuna ematera bideratzen dira, lehiakortasuna areago dadin eta etorkizuneko aukerak balia daitezen”) eta Basque Digital Innovation Hub-a (“industriaren arloko enpresa txiki eta ertainen eraldaketa digitala eta jasangarria bultzatzeko ekimena, enpresa horiek erronka digitalei modu dinamikoan erantzun diezaieten eta gero eta globalizatuagoa den mundu honetan lehiakorragoak izan daitezen”, zehaztu du).

Azpiazuk elkarrizketa-mahai batean parte hartu du, eta solaskideen artean Elisa Ferreira Europako Kohesio eta Erreformako komisarioa zegoen. Ekitaldi hori ELGAren Garapen Ekonomikorako eta Tokiko Enplegurako Programaren (LEED) 40. urteurrenaren inguruan antolatutako ekitaldien barruan garatu da.

Hasierako azalpenaren harira, elkarrizketa-mahai horretan zenbait galdera egin dizkiote Ekonomia eta Ogasuneko sailburuari, jakiteko ea pandemiaren ondoriozko eta modu zentralizatuan erabakitako leheneratze-planen ondoriozko egoera aldakorrak eragina duen lankidetza-gobernantzaren eta lidergo banatuaren estrategian, eta ea uste duen pandemia osteko testuinguru horretan Euskal Autonomia Erkidegoaren (edo, oro har, beste eskualde batzuen) ahalmenak aldatzen direla.

Ildo horretan, Azpiazuk adierazi du pandemiari emandako erantzunaren arrakasta ez dela gobernantza-egituren mende egon, “baizik eta horien kalitatearen mende. Hala ere, bereziki nabarmendu behar da gobernu-maila guztiek funtsezko zeregina bete dutela krisialdiari erantzuteko, eta deszentralizazioak aukera eman duela pandemiak eskualdeen artean izan dituen ondorio ekonomiko eta sozial heterogeneoei erantzun egokitua emateko”.

Pandemia osteko munduan, eskualde-garapeneko estrategiak berraztertzeko zer egin beharko litzatekeen hobeto edo desberdin galdetuta, Azpiazuk sei alderdi aipatu ditu, haren iritziz “berebiziko garrantzia dutenak:

    • Zenbait produkzio-jardueraren birlokalizazioa hartu behar da aintzat (reshoring).

 

    • Mugarik gabeko estrategiak garatu behar dira.

 

    • Tokian jardun behar da, baina maila globalean pentsatu.

 

    • Espezializazio adimendunaren estrategia sendotu behar da eta eskualde bakoitzaren indarguneen aldeko apustua egin. “Lurralde-dimentsioa integratu behar dugu inbertsio eraldatzaileen estrategietan, eta eskualdeetako gobernuak hasiera-hasieratik inplikatu behar ditugu haien diseinuan eta aplikazioan”, aditzera eman du.

 

    • Eskualde-mailako ekonomia berderako bidezko trantsizioaren erronkari heldu behar zaio, Agenda 2030ekin konprometituta, eta inor atzean utzi gabe.

 

    • Herritarrekiko konfiantza-harremana sortuko duten garapen zuzenerako eskualde-politikak sustatu behar dira.