Inbizi Healthcarek pilula-kaxa adimendun bat garatu du egunero medikatzen diren pertsonei laguntzeko

0

OMEren datuen arabera, gaixotasun kronikoak dituzten pazienteen % 50, oro har adindun pertsonak, nahasi egiten dira sendagaiak hartzerako orduan. Horren ondorioz, 200.000 pertsona hiltzen dira Europan urtero. 2019an, familia-ingurunean arazo bera somatzen zuten lau pertsonak Inbizi Healthcare sortzea erabaki zuten, eremu horretan konponbideak garatzeko helburuarekin.

Inbiziren proiektu nagusia Noa pilula-kaxa adimenduna da, Internetera konektatutako pilula-kaxa modularra. Bere helburu nagusia medikazioa hartzerakoan erregulartasuna bermatzea eta jarraitasun eza murriztea da. Funtzionamendu oso sinplea du; Pilula-kaxak argien eta soinuen bidez jakinarazten dio pazienteari medikazioa hartu behar duela. Orduan, pazienteak botoi bat sakatuz besterik ez du egiten, eta berehala argi bat pizten da egokitutako kutxan. “Pilula-kaxa pazienteari egokitu behar zaio, eta ez alderantziz. Hori da gure leloa”, adierazi du Román Vilaresek, Inbizi Healthcareren sortzaileetako batek eta CEOak.

Gainera, pazienteen senideek pilula-kaxa kontrolatu dezakete aplikazio mugikor baten bidez. Aplikazio horrek jakinarazpenak jasotzen ditu, medikazioa hartu den edo ez jakinaraziz. Horrez gain, app-ak medikazioa kargatzeko prozesuan laguntzeko laguntzaile bat du integratuta. Izan ere, prozesu hori “lan aspergarria da eta akats ugari ematen dira”, Román Vilaresek dioenez. Gainera, osasun-zentroak pazientearen posologia-datuak lor ditzake, tratamendua betetzen duen ikuskatzeko. Horrela, tratamendua urrutitik baloratu dezakete, bere eraginkortasuna ebaluatu, eta, behar izanez gero, tratamendua aldatu.

Gaur egun, proiektua baliozkotze-fasean dago, eta Inbizi bezeroak bilatzen ari da. Medikamentuak hartzen dituzten adinekoen senideak edo osasunaren sektorearekin lotutako enpresak dira bere bezero potentzialak, hala nola farmaziak, telefonia-operadoreak, farmazia-banatzaileak, adinekoen-egoitzak edo aseguru-etxeak. “Urratsez urrats joan nahi dugu, eta lehenengo urratsa Noa benetako ingurune batean balioztatu ahal izatea da, haren bertuteak behatzeko eta akatsak murrizteko. Puntu horretatik aurrera, soluzioa merkaturatu nahi dugu, eta, horretarako, finantza-laguntza beharko dugu Noa errealitate bihurtu ahal izateko”, adierazi du startupeko CEOak.

SPRI Taldeak laguntza integralaren bidez berrikuntza, ekintzailetza eta barne-ekintzailetza laguntzen ditu, ideiak merkatura modu arrakastatsuan irits daitezen. Aurrera, Basque Fondo, Bind 4.0, Ekintzaile edo Barnekintzailetza ekintzailetzarako laguntza-programen bidez egiten du hori.