Jokin Bildarratz hezkuntza sailburua 2022ko Ibilaldia jaiaren antolatzaileekin elkartu da

0

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak harrera egin die gaur goizez Bizkaiko Ikastolen aldeko Ibilaldia festaren antolatzaileei, Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzan. Hezkuntza sailburua Abusu Ikastolako zuzendari Zunbeltz Fullaondo eta bertako presidente Joseba Barandiaranekin elkartu da. Bilkuran izan dira, halaber, Zaloa Aldatz, Bilboko ikastola horretako gerentea; Josune Bañales, Ibilaldia Elkarteko presidentea; eta Joseba Aginagalde, Ikastolen jaietako arduraduna.

40. ediziora iritsi da aurten Ibilaldia, eta edizio berri honetan Bilbon ospatuko da jaia Abusu Ikastolak antolatuta, datorren maiatzaren 29an, “Erro, harri, har!” leloarekin. Azken bi urteetan, halabeharrez, Covid-19ak eraginda ezohiko jaiak ospatu ondoren, pandemia osteko lehen Ibilaldi normalizatua izan nahi du berriro ere 2022ko honek. Abusu ikastolaren inguruan antolaturiko lau guneetan ospatuko da Ibilaldia aurten, Bilbo eta Arrigorriaga artean.

Gaur goizeko bileran, aurtengo festaren ezaugarri guztiak azaldu dizkiote antolatzaileek sailburuari, bai eta urtean zehar antolatu dituzten gainerako ekimen eta ekitaldien berri eman ere. Maiatzaren 29an bertan izango dela jakinarazi die Bildarratzek antolatzaileei.