Euskaraz lasai aritzeko guneak sortzeko deia egin diete era guztietako entitateei Euskaraldiaren antolatzaileek. Aurtengo udazkenean egingo den ekimenaren hirugarren edizioak, berriro ere, ariguneak izango ditu protagonista, belarriprest eta ahobiziekin batera. 2020an egindako bigarren edizioan bezala, entitateek parte hartzeko aukera izango dute eta berauen funtzio nagusia euskaraz lasai aritzeko guneak sortzea izango da. Pandemia betean milaka entitatek ariguneak sortu ondoren, euskararentzako espazio berriak sortu eta ariguneak areagotzeko helburua dute, aurten, Euskaraldiaren sustatzaileek. Proposamena enpresa, erakunde, elkarte, fundazio, klub, talde eta era guztietako entitate antolatuei luzatu zaie, beste behin ere.
Gaurtik aurrera zabalik dago entitateek Euskaraldian parte hartzeko aukera. Euskaraldiko antolatzaileek eta aurreko edizioan ariguneak sortu zituzten zenbait eragilek, gaur goizean, Gasteizen egindako agerraldian aurkeztu dute entitateen izen-ematearen irekiera. Euskaraldiaren bigarren edizioan ariguneak sortu eta izena eman zuten entitateek beraien parte hartzea berretsi beharko dute ariguneak.euskaraldia.eus/izen-ematea webgunean; lehenengoz izena emango dutenek ere helbide bera erabili ahal izango dute izena eman eta arigune kopurua zehazteko. Aurten izen-emate prozesua erraztu dutela azpimarratu dute antolatzaileek eta aurretik prozesua egin dutenek ere erraz berretsi ahal izango dutela parte hartzea.
Ariguneek hizkuntza ohituren aldaketan eta euskarazko praktika linguistikoen areagotzean duten garrantzia azpimarratu dute Euskaraldiaren antolaketan parte hartzen duten erakundeetako ordezkariek. Euskara erabiltzeko gune babestuak izateak erabilera errazten duela nabarmendu da aurreko edizioetako balorazio eta ikerketetan. Horregatik, ariguneak sortu, hedatu eta identifikatzen jarraitzea lehentasuna izango da Euskaraldian.
2020an egin zen Euskaraldiaren bigarren edizioan parte hartu zuten entitateen artean esperientzia eredugarriak egon zirela azaldu dute ekimenaren sustatzaileek. Covid19-aren eraginez baldintzak errazak izan ez arren, hainbat erakunde, enpresa eta elkartek ariguneak sortu eta urrats garrantzitsuak eman zituzten (sei entitateren ordezkariek parte hartu dute prentsaurrekoan esperientzia horietako batzuk partekatzeko). Aurtengo edizioan esperientzia horiek eta hainbat entitatek izandako lorpenak beste batzuentzat baliagarri izan daitezkeela azaldu dute. Ildo horretan, esperientzia horiek zabaltzeko ahalegina egingo da Euskaraldiaren koordinazio mahaitik.
Euskaraldia urrats eta lorpen ugariren gehiketa izan da aurreko edizioetan. Hirugarren edizioan ere proposamen hori egingo zaie parte hartuko duten entitate eta herritarrei: euskararen erabilera areagotu eta hizkuntza ohituretan aldaketak egiteko erronka konkretuak jar diezaizkietela beraien buruei. Erronka guzti horien baturatik gizartean aldaketa eragitea da antolatzaileen helburua, hizkuntza praktikatan eragitea.
Azkenik, Euskaraldia sei hilabete barru egingo dela gogoratu du ekimenaren koordinatzaileak: 2022ko azaroaren 18an hasi eta abenduaren 2an amaituko da hirugarren edizioa. Era berean, herritar norbanakoek irailaren 28tik aurrera ahobizi edo belarriprest roletan izena emateko edo parte hartzea berresteko aukera izango dutela azaldu dute.
Gaurko prentsaurrekoan parte hartu dute Goiatz Urkijo Euskaraldiaren koordinatzaileak, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak, Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak eta Osatek, Gaztedi Errugbi Taldea, Oreka IT, Albaitaritza S.A., Medicus Mundi Bizkaia eta Mondragon Eskola Politeknikoa entitateetako ordezkariek. Agerraldian egon dira, era berean, Gasteizko alkateorde eta euskara zinegotzi Iñaki Gurtubai, Arabako Foru Aldundiko Euskara eta Gobernu Irekiaren zuzendari Lexuri Ugarte eta GEU euskara elkartea zein Gasteizko Euskaraldia batzordeko ordezkariak.
Ondoko lerroan parte hartu duten ordezkarien adierazpen batzuk laburtu ditugu:
Goiatz Urkijo, Euskaraldiko koordinatzailea: “Aurreko edizioan izandako baldintza zailen ondoren, kalea hartzeko, gizarte aktibazioa areagotzeko eta euskararen erabilera zabaltzeko aukera izango dugu aurtengo Euskaraldian. Beraz, hirugarren edizio hau edizio garrantzitsua izango da. Parte hartzen duten belarriprest, ahobizi zein entitateei hizkuntza ohituretan eragiteko tresnak eskaintzea izango da aurtengo lehentasunetako bat, euskararen erabilera areagotzeko partaide guztion prestakuntzan sakontzea”.
Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburua: “Ariguneak sortzeko proposamena entitate bakoitzean aztertu eta zer urrats eman ditzaketen pentsatzea proposatzen dugu. Entitate bakoitzaren errealitatea eta abiapuntua oso ezberdina dela badakigu eta horregatik da garrantzitsua bakoitzak bere ibilbidea gogoetatzea, bakoitzak bere neurria zein den aztertzea eta egin ahal duen horri ekiteko konpromisoa hartzea. Entitate guztiek dute euskarazko hizkuntza praktikak bultzatzeko aukera, euskararentzako gune erosoak sortzeko aukera. Beraz, proposamen ireki eta progresiboa da egiten duguna. Bakoitzak ahal duen neurrian eta ahal duen erara, pausoz pauso. Entitatea osatzen duten kide guztien erabaki partekatua izatea nahi dugu gainera: langile edo kideak eta arduradunak. Entitateak babestutako guneak izan daitezen, erabakia ere partekatua izan behar da. Denok elkarrekin egin behar dugulako aurrera”.
Lander Solozabal, Osatek sozietateko ordezkaria: “Euskaraldia izan da, eta izango da, ezinbesteko bultzada bat Osatek-en hizkuntzaren normalizazioan, laguntzen digulako langileak ahalduntzen eta motibatzen eguneroko lanean euskara erabiltzen, bai herritarrekin eta baita langileen artean ere. Esate baterako, Osatek-eko gerenteak Euskaraldiaren lehen edizioan erabaki zuen lanean euskaraz ulertzen zuten guztiekin (belarriprest) eta euskaraz zekitenekin ahobizi jokatzea, eta horrela egin du gaur egun arte”.
Blanki Letona, Albaitaritza, S.A. enpresako ordezkaria: “Euskaraldiak entitate bezala, euskara sustatzeko beharra lehen mailara ekartzen lagundu duela esango nuke. Euskaraldiaren bigarren edizioak behar hau entitateetara ekartzea lortu zuen. Pandemia egoera batean ginen eta ariketa egoki egitea ez zen erreza izan… Beraz, uste dut urrats berriei begira hirugarren edizio hau ezinbestekoa izan daitekeela”.
Beatriz Meabe, Oreka IT enpresako ordezkaria: “Jende berri asko sartu da Oreka ITn eta Euskaraldiak lagundu digu euskara nor dakien identifikatzeko, eta euskaldunak izan arren euskaraz egiteko ohiturarik ez zutenek ohiturak aldatzen laguntzeko. Horrekin batera lortu dugu hainbat arigunetan bilera teknikoak euskaraz egitea.”
Itziar Irazabal, Medicus Mundi Bizkaiako ordezkaria: “Euskaraldiak aukera eman digu gure elkartean, bakoitzaren ezagutza kontuan hartuta, euskara lotsarik gabe eta giro oso lagungarri baten erabili ahal izaten. Beti nahiko argi izan ditugun gauza batzuk finkatu egin dira: euskararen presentzia hazi egin da gure argitalpen guztietan eta elkartetik ateratzen diren komunikazio guztietan. Bakoitza eroso sentitzen den hizkuntza hitz egitea normalizatu da. Batzarretan eta Zuzendaritza Batzordean hizkuntza biak erabiltzen dira arazorik gabe. Orokorrean elkartean euskara gehiago erabiltzen dugu”.
Xabier Sagarna, Mondragon Eskola Politeknikoa Jose Maria Arizmendiarreta, S. Coop.eko ordezkaria: “Euskaraldian parte hartze handia eduki genuen 2020 urteko edizioan: 69 arigune sortu genituen eta 190 lankidek parte hartu zuten. Euskararen erabilera areagotu egin zen Euskaraldian bai arlo hauetan eta baita orokorrean ere eta, ondoren, mantendu egin da. Talde batzuekin beste lanketa sakonago batekin jarraitu dugu, Arigunetik arnasgunera deritzona, eta pauso gehiago eman ditugu lana euskaraz egin ahal izateko. Momentu honetan Emun eta Badalab laborategiak lagunduta ari gara proiektu hau garatzen”.
Aritz Galarza, Gaztedi Rugby Taldeko ordezkaria: “Gaztedi rugby taldean azken 10 urteotan hazkunde nabarmena izan dugu eta taldea eragile sozial bilakatzen ari da, geroz eta eragileagoa den erakundea. Taldean beti euskararen aldeko borondatea egon bada ere eta euskara sustatzen eta zabaltzen aritu den jendea egon arren, gure hizkuntzaren aldeko jarduna klubaren antolaketan bertan txertatu beharra zegoen. Gaur egun, bai barrura zein kanpora begira, euskara da Klubak duen komunikatzeko hizkuntzetako bat ia beti. Aurreko edizioan espero genuen dimentsioa izatea lortu ez bagenuen ere, aurtengo Euskaraldiari gogotsu ekiteko asmoa dugu”.