Zorrotza Barakaldoko Lutxana auzoarekin lotuko duen bidegorriaren obrak lizitatu berri dira

0

Bilboko Udalak Zorrotza Barakaldoko Lutxana auzoarekin lotuko duen bidegorriaren obrak lizitatu berri ditu. Bizikleta-errei hori Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatutako jarduketa handiago baten parte izango da. Jarduketa horrek jarraitutasuna emango dio bizikleta-sareari itsasadarraren ezkerraldean, Meatzaldean eta Enkarterrin zehar.

Bidegorri berriak 1.766 metroko luzera izango du, eta horietatik 338 Bilbon egingo dira. Orain esleitu diren tarteko obrek 199.773.61 euroko aurrekontua dute (BEZik gabe), eta esleitu ondoren, hiru hilabeteko epean gauzatzea aurreikusten da.

Proiektuaren trazadura Zorrotzako kiroldegiaren ondoan hasten da eta han, Olabeagatik (Clara Campoamor kalea) datorren bizikleta-erreiarekin bat egin ondoren, N-634 errepidearen plataformara sartzen da. Errepide horretan, ibilgailu motordunen zirkulaziorako erreien kopurua murriztu egiten da, Barakaldoko noranzkoan errei bakarra egongo baita eta Basurturantz errei bi.

Bidegorria ibilgailu motordunen zirkulaziotik eta oinezkoen zirkulaziotik bereizita egongo da une oro, txirrindularien plataformaren eta errepidearen artean gutxienez 0,30 metroko tartea utziko baita.

Azpiegitura berriak Foru Aldundiaren babes ekonomikoa du.

SARE SOZIALAK: