Euskadiko Ama Esnearen Bankuak bere jarduera eta edoskitze naturalaren aldeko laguntza sendotu ditu

0

Hasieratik 8.900 biberoi baino gehiago banatu ditu 500 bat haur goiztiarrentzat edo pisu txikikoentzat eta dagoen eskaera osorik estaltzea bermatu du

Lehenengo lau urteetan 360 emaileren ama-esnea jaso du

Lau urte baino gehiagoko ibilbidean, 2017an sortu zenetik, Euskadiko Ama Esnearen Bankuak (BLME) bere jarduera eta edoskitze naturalaren aldeko laguntza sendotu ditu. Horrela, euskal ospitaleen eskaria estaltzen du, behar duten haur guztiek, medikuaren aginduz betiere, nutrizio aldetik aparteko balioa duen elikagai hori jaso dezaten.

Hasieratik gaur arte 360 amaren dohaintza jaso du: haietatik 187 Bizkaian, 92 Gipuzkoan eta 79 Araban. Guztira, 1.583 litro ama-esne jaso da, eta 8.930 biberoi prestatu dira esne horrekin. Horri esker, Neonatologia Unitateen beharrak estali ahal izan dira uneoro.

    1. urteko lehen hiruhilekoan bakarrik, 14 emaile berri izan ditu euskal bankuak; 118,5 litro esne eman dituzte behar izan duten jaioberriak elikatzeko.

 

Bihar, maiatzak 19, Ama Esnea Dohaintzan emateko Munduko Eguna dela-eta, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak publikoki adierazi nahi izan die eskerrak ama emaileei: Harro egoteko modukoa da hain emakume altruistak eta solidarioak eduki ahal izatea, beren denbora eta ahalegina ematen dutenak behar duten haurtxoei laguntzeko, Banku honen bidez, eta gaineratu du “hori posible egiten duten profesionalei ere luzatu nahi diet aintzatespen hau, bai Banku honetako langileei, bai emaginei eta erizainei ere”

Euskadiko Ama Esnearen Bankuak amagandiko edoskitzea bermatzen die haur goiztiar-goiztiarrei (kilo bat eta erdi baino gutxiagoko haurrei) edo 32 aste baino lehenago jaio direnei, ez baitute horretarako aukerarik. Garrantzi handiko laguntza da; izan ere, ebidentzia zientifiko batzuen arabera, ama-esneak enterokolitis nekronizatzailea prebenitzen du, jaioberrien heriotza eragin dezakeen gaixotasun bat.

Hain zuzen ere, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME), UNICEFek eta haurren zaintzan diharduten elkarte zientifikoek bizitzako lehen sei hilabeteetan haurrak bularra emanez soilik elikatzea gomendatzen dute eta, beste elikagai batzuekin batera, bi urtera arte edo amak eta semeak edo alabak nahi duten arte. Halakorik ez dagoenean, giza esnea da aukerarik onena.

Gaur egun, hamar gune daude gaituta ama-esnearen dohaintzak jasotzeko:

    • Gurutzeta UO

 

    • Txagorritxu – Arabako UO

 

    • Donostia UO

 

    • Urduliz Ospitalea

 

    • Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroa (TGE-EZ) Galdakaon

 

    • TGE-EZ egoitza Durangon: Durangoko anbulatorioa

 

    • TGE-EZ egoitza Gasteizen: Olaguibel anbulatorioa 4. solairua (Gasteiz)

 

    • TGE-EZ egoitza Donostian: Manuel Lekuona, 1 behea (Donostia)

 

    • TGE-EZ egoitza Bilbon: Etxaniz Suhiltzailearen anbulatorioa (Bilbo)

 

    • Arrasateko anbulatorioa

 

Emaile izan daiteke edozein emakume osasuntsu, aurreko hiru aste eta sei hilabete bitartean ama izan dena eta haurrari bularra ematen ari dena zailtasunik gabe. Informazio gehiago jaso nahi izanez gero jarri harremanetan Euskadiko Ama Esnearen Bankuarekin, posta elektronikoaren bidez, bancolecheeuskadi@osakidetza.eus, edo pediatrari, erizaintzako profesionalari edo emaginari kontsultatuta.