Emakumeak eta Indarkeria. Gogoeta EIN-en datuetan oinarrituta

0

Maiatzaren 10ean, Estatistikako Institutu Nazionalak (EIN), Justizia Ministerioarekin lankidetzan, urteko txostenean Etxeko indarkeriaren eta genero-indarkeriaren estatistika izeneko dokumentua argitaratu zuen, iturri erabilita Etxeko indarkeriaren eta genero-indarkeriaren biktimak babesteko erregistro zentrala. Bi indarkeria-moten emaitzak dokumentu berean aurkeztu dituzten arren, bi kontzeptuak azaldu dituzte eta zifrek bien arteko aldeak indartzen dituzte.

Boterea adierazteko eta pertsonak menderatzeko adierazpen-modu bat da indarkeria. Genero-indarkeriaz ari garenean, nagusitasun hori gertatzen da genero-desberdinkeriaren markoan, baita emakumeen askatasuna onartzen ez duen eta emakumeak beren genero-mandatuetan (zaintza eta zerbitzua, besteentzat egotea eta izatea) sartuta nahi dituen kontzeptu matxistaren markoan ere. Legeen arabera, gizonek harreman sentimental baten barruan (egungoa edo iraganekoa eta bizikidetzarekin edo gabe) eragindako indarkeria da. Emakume izate hutsagatik jasotako indarkeria da.

Etxeko indarkeria, ordea, gizonek edo emakumeek senideen aurka eragindakoa (gurasoak, seme-alabak, etab.), baldin eta ez badira genero-indarkeriak barne hartzen dituen kasuak. Biktima salatzaile gehienak emakumeak dira (% 61,4), batez ere 18 urtetik beherako adin-taldekoak; eta biktimario gehienak, gizonak (% 72,5). Kasuen ia % 70 gurasoen eta ondorengoen artekoak dira, eta kasuen ia % 50ean, salaketak bi norabideetan izaten dira. Familia barruko botere-harremanei buruzko azterketa beharrezkoa bada ere, ondoriozta daiteke emakumezkoak zaurgarriagoak direla eta gizonezkoek indarkeria gehiago erabiltzen dutela.

Genero-indarkeriaren estatu-mailako datuei erreparatuta, deigarria da % 3,2 handitu dela emakume biktima salatzaileen kopurua 2020arekin alderatuta (oso urte bitxia izan zen, larrialdi sanitarioko egoerak emakumeei eutsi-beharra ekarri zielako, salatzeko eta harremanak hausteko aukera gutxiago zituztelako, eta gizonek erreakzio bortitzagoak izaten dituztelako horien aurrean). Era berean, nabarmentzekoa da salatutako gizon gazteen kopurua handitu dela: % 70,8, 18 urtetik beherakoen artean eta % 15, 18-19 urtekoen artean. Gorakada horiek, batetik, kezkagarriak gerta daitezke; baina, bestetik, pentsa daiteke emakume gazteen kontzientzia handiagoa dela eta gai direla hautemateko eta ez onartzeko kontrolean oinarritutako harreman afektiboen ereduak.

Euskadin, biktima direla salatzen duten emakumeen tasa Estatuko txikiena den arren (1.000 emakumetik 0,6), aipatu behar da 2020tik zifra % 9,8 handitu dela. Hurrengo taulan, 2019-2021 hirurtekoko gure Erkidegoko zifrak jaso dira.

EUSKADI 2019 2020 2021
Babes-aginduak dituzten emakumeak 716 559 614
Abiarazitako salaketak 717 558 610
Epai irmoarekin kondenatutakoak 1486 1078 1358

Generoa eta Osasuna taldeak dei egin nahi du arazo honi buruzko kontzientzia kolektiboa zabaltzera, batez ere, osasungintzaren eremutik kasuak prebenitzeko, hautemateko eta tratatzeko. Gure erantzukizuna da, zifra horiek errealitate izugarriaren zati bat baino ez baitira.

Dokumentuaren laburpenerako esteka:

https://www.ine.es/prensa/evdvg_2021.pdf

Generoa eta Osasuna espazioan genero-indarkeriari buruzko dokumentazio ugari dago.

Generoa eta Osasuna Taldea