Iñigo Urkullu Lehendakariak, eta Eusko Jaurlaritzako sailburuek, talde parlamentarioen galderei eta interpelazioei erantzun diete Kontroleko Osoko Bilkuran

0

Iñigo Urkullu Lehendakariak, eta Eusko Jaurlaritzako sailburuek, talde parlamentarioen galderei eta interpelazioei erantzun diete Kontroleko Osoko Bilkuran.

Galdera, Iker Casanova Alonso EH Bildu taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, gizartearen pobretze orokortua ekiditeko hartuko diren neurriei buruz.

Lehendakariak azpimarratu du Jaurlaritzak neurriak hartu dituela, hartzen ari dela eta hartzen jarraituko duela Ukrainako gerrak eragindako krisiari aurre egiteko. “Pandemiaren ondorioei aurre egiteko egin genuen bezala”, gaineratu du.

Horrela, apirilaren 8an, Osoko Bilkura monografikoan aipatutako neurriak gogorarazi ditu, besteak beste: energia-eraginkortasuna hobetzeko eta kostuak aurrezteko laguntzak (150 milioi euro), enpresa txiki eta ertainei eskainitako laguntzak (10 milioi euro), inbertsio estrategikoak (530 milioi) edo foru-aldundien neurri fiskalak (165 milioi)… Osagarri gisa, pertsona ahulenei laguntzeko 15 milioi euroko ISURI Funtsa onartu dela ere adierazi du, programei baliabide OSAGARRIAK gehituz. “Ekonomia suspertzeko laguntza horiek gizarte-laguntzak ere badira; egungo enplegua sendotzen dutelako eta enpleguak galtzea saihesten dutelako”, adierazi du.

Hau horrela, gaineratu du Osoko Bilkura hartan onartutako 44 ebazpenetatik 37 dagoeneko exekutatzen ari direla. “Gure konpromisoa da ebazpen GUZTIAK onartzea eta martxan jartzea”,  esan du.

Galdera, Miren Gorrotxategi Azurmendi Elkarrekin-Podemos taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, autogobernu-ponentziari buruz.

Urkullu lehendakariak adierazi du Estatutua eguneratu egin behar dela, gizartearen behar berriei erantzuteko. Horri gehitu dio, halaber,  “osorik bete behar da, Espainiako Gobernuak berak hitzeman zuen bezala; Europako errealitate berrira egokitu behar da, eta tresna gehiago eskaini behar dizkigu integrazio-prozesuan parte hartzeko; eta adostutakoa betetzeko bermeak sartu behar ditu”.

Lehendakariaren arabera, gure esperientziaren berezitasunean, lortutako akordioetan eta euskal autogobernuan sakontzeko borondate politikoan oinarrituta eraiki behar da. “Martxoan ere esandakoa errepikatzen dut: ez dugu euskal autogobernua irteerarik gabeko kalezulo batean sartu behar, edo bide hil batean aparkatuta utzi edo zerbait adostu tiradera batean gordetzeko”, zehaztu du. Ildo horretan, azpimarratu du lantaldean egindako lanaren ondorioz aukera bat dagoela, “eta BAI, aukera hori aprobetxatzearen aldekoa naiz”. Hala ere, gogorarazi du erabaki hori talde parlamentarioen esku dagoela oraindik.