202 elkarrizketa-laguntzaile arituko dira Euskadiko ikastetxeetan datorren ikasturtean

0

Euskadiko ikastetxe publikoetan 202 elkarrizketa-laguntzaile arituko dira datorren ikasturtean, atzerriko hizkuntza ikasgaian ahozko jarduna lantzeko zereginean. Hezkuntza Sailak 957.600 euro bideratuko ditu programa honetarako. Horrela bada, Euskadiko ikastetxeek aurten baino 14 elkarrizketa-laguntzaile gehiago izango dituzte Lehen Hezkuntzan, DBHn, Batxilergoan eta Hizkuntza Eskola Ofizialetan.

Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak berriki onartu du, maiatzaren 10eko bileran, Hezkuntza Sailaren eta Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioaren arteko hitzarmena. Hitzarmen honen bidez arautzen da 2022-2023 ikasturtean Euskadiko ikastetxe publikoetan arituko diren elkarrizketa-laguntzaileen jarduera.

Bertan jasotzen denez, Hezkuntza Sailak 171 elkarrizketa-laguntzaile finantzatuko ditu Euskadiko ikastetxe publikoetarako 2022-2023 ikasturtean. Horiei guztiei Ministerioren finantzaziopeko beste 31 laguntzaile gehituko zaizkie (202 orotara).

Programa honen helburua ikastetxeetan atzerriko hizkuntzen irakaskuntza indartzea da, ahozkotasuna landuz. Elkarrizketa-laguntzaileek batez ere Lehen Hezkuntzan, DBHn, Batxilergoan eta Hizkuntza Eskola Ofizialetan egiten dute lan.

Datorren ikasturtean Euskadin arituko diren elkarrizketa-laguntzaileen artean gehiengoa ingeles hizkuntzakoak izango dira. Baina tartean badira frantsesa, alemana, italiera edo errusierakoak ere (azken hiru hizkuntza hauek Hizkuntza Eskola Ofizialetan):

    • Ingelesean: 181 elkarrizketa-laguntzaile

 

    • Frantsesean: 13 elkarrizketa-laguntzaile

 

    • Alemanean: 6 elkarrizketa-laguntzaile

 

    • Italieran: elkarrizketa-laguntzaile 1

 

    • Errusieran: elkarrizketa-laguntzaile 1

 

Hezkuntza Sailak 957.600 euro bideratu ditu datorren 2022-2023 ikasturtean laguntzaile hauen egonaldia finantzatzeko. Hilero jasoko duten dirulaguntzaz gain, osasun-estaldura ere jasoko dute elkarrizketa-laguntzaileen programan parte hartzen duten pertsonek, Europako osasun-txartelik ez duten kasuetan.

2021-2022 ikasturte honetan 188 elkarrizketa laguntzaile ari dira Euskadiko ikastetxeetan laguntza eskaintzen.

Ahozkotasuna indartzea

Elkarrizketa-laguntzailea graduatu berria edo azken ikasturteko unibertsitate-ikaslea izan ohi da bere jatorrizko herrialdean. Honi ez zaio irakasle titular baten erantzukizunik esleitzen. Hortaz, ez da irakaskuntzan bera bakarrik aritzen, eta  atzerriko hizkuntzako irakasleei laguntza emateko zeregina du, elkarrizketa lantzen den eskola praktikoetan. Euren berariazko eginkizunak, batik bat, ikasleen ahozko trebetasunak indartzera daude bideratuta. Astean 12 orduz ematen dituzte eskolak, urritik maiatzera bitartean, irakasle titularra lagun dutela, baina inoiz ez bakarrik.

Irakasleak koordinatuta eta gainbegiratuta, laguntzaileari, besteak beste, eginkizun hauek eman ahal izango zaizkio: elkarrizketako berariazko praktikak prestatzea eta burutzea; bere hizkuntzan fonetika eta gramatika zuzentzeko eredu bat eskaintzea; bere jatorrizko herrialdeko kultura, geografia edo ohiturak ezagutzea erraztuko duten jarduerak garatzea; eta ikastetxeko irakasleekin batera, atzerriko hizkuntzan material didaktikoak egiten parte hartzea.