Habana Hiriko Historialariaren Bulegoak Opengela hiri-berroneratze programarekiko interesa agertu du

0

Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren sailburuordeak, Miguel de los Toyosek, eta Bilboko Udaleko Etxebizitzako zinegotziak eta Bilboko Udal Etxebizitzak erakunde autonomoko presidenteak, Jon Bilbaok, Otxarkoaga eta auzoko bulegoa (Otxar Opengela) bisitatu dituzte gaur goizean Habanako Historialariaren Bulegoko arduradunekin batera: Perla Rosales, alboko zuzendari nagusia; Nelys García, Nazioarteko Lankidetzako zuzendaria; Anabell Cedeño, Nazioarteko Lankidetzarako Zuzendaritzako espezialista teknikoa; Malena Roche, Habana Espacios Creativos-eko zuzendaria; eta Ariam L. Mayor, Habana Espacios Creativos-eko espezialista nagusia. Bisitan Ignacio de la Puerta Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren zuzendaria eta Eider Bilbao Bilboko Udal Etxebizitzen zuzendari nagusia ere izan dira.

Habana Hiriko Historialariaren Bulegoa 1938an sortu zuen Emilio Roigek, Habana Zaharreko kultura-ondarea babesteko, eta hiriko erdigune historikoko hainbat eraikin zaharberritu ditu. 80ko hamarkadan izan zuen gorakada Eusebio Leal historialaria buru zela, eremu osoa lehengoratzeko lehen proiektua izan zen, eta UNESCOk Habanako Zentro Historikoa eta gotorleku-sistema Gizateriaren Kultura Ondare izendatu zituen 1982an. Gaur egun, horrelako proiektuak Kubako hiriburura ez ezik, Karibeko herrialde osora ere zabaltzeko prozesuan dago.

Gaurko hitzordua, beraz, erakunde kubatar honek eskatuta, topagune eta ideia-trukerako gune bat izan da erakunde horren eta Opengela hiri-berroneratze programaren arduradunen artean. Programa hori Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak koordinatzen du eta esparru publiko eta pribatuko 9 erakundek lan egiten dute, horien artean Bilboko Udal Etxebizitzak.

Opengela programak Europako Batzordearen Horizon 2020 programaren finantzaketa du, eta auzo-bulegoak abian jartzean datza. Bulego horiek bizilagunei laguntzen diete eraikinak birgaitzeko prozesu osoan. Bertan, laguntza ematen zaie jabeen komunitateei obrak kontratatzen, laguntza publikoak kudeatzen, finantzaketa eskuratzen, energia-eraginkortasuna hobetzen edo irisgarritasuna lortzen.

Programa hori auzo kalteberen hiri-berroneratze integraleko proiektuekin lotuta dago. Proiektu horien bidez, irisgarritasuna eta energia-eraginkortasuna hobetu nahi dira, bizitegi-eraikinak birgaituz eta ingurune osoa berrurbanizatuz; horrez gain, haien gizarte-egoerari ere aurre egin nahi zaio (errenta txikiak, langabezia-tasa altua eta prestakuntza-maila txikia), bulego tekniko horien bidez eta auzoaren hurbiltasuneko bulegoen bidez.

Hala, Otxarkoaga auzoa aukeratu dute topaketarako. Bertan hiria berroneratzeko eta eraikinak birgaitzeko proiektua, Orain Otxar izenekoa, auzoko 16 atari eta hiru kaletan (Irumineta, Txotena eta Larrakoetxe) banatutako 240 etxebizitzatan gauzatzen da eta oso aurreratuta dago. Otxar Opengela auzoko bulegoak bizilagunei laguntzeko jarduera ugari hartzen ditu, bai eta beste ekimen batzuk ere, hala nola merkataritza-gune zaharra birmoldatzea eta orain hutsik dauden lokaletan ekintzailetza-ekimenak abiaraztea.

Opengelak, zeinaren proiektu europarra 2023ko urtarrilean amaituko baita, kudeaketa-eredu bat sortu du auzoko bulegoetarako, eta dagoeneko beste udalerri batzuetan hedatzen hasi da, Otxarkoagako eta Eibarko bi pilotuetatik haratago. Zehazki, Lasarten eta Durangon, baita Pasaian, Abanto-Zierbenan, Santurtzin eta Trapagaranen ere.