Leire Magaz, Publizitateko eta Harreman Publikoetako ikaslea, UABren 2021eko Komunikazio Digitalaren Ikerketa sariduna

0

UPV/EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko Publizitateko eta Harreman Publikoetako Graduko ikaslea den Leire Magaz saritu dute oraintsu, UAB Bartzelonako Unibertsitate Autonomoaren 2021eko Komunikazio Digitalaren IV. Ikerketa sarietan, gradu amaierako lan (GRAL) honengatik:¿Es la cantidad sinónimo de calidad? Análisis del contenido publicitario y engagement de los influencers top de Instagram.

Epaimahaiak aipamen berezia egin dio Leire Magazen lanari, lehiaketaren lehen txandan bederatzi puntu lortu baitzituen, hainbat herrialdetatik eta unibertsitatetatik bidalitako 70 lan baino gehiagoren artean, eta azken txandan, zortzi onenen artean geratu ondoren.

Angeriñe Elorriaga, Gizarte Komunikazioko doktore eta Ikus-entzunezko Komunikazioa eta Publizitatea Saileko irakaslea, izan du tutore, Gradu Amaierako Lanean: nazioartean zein estatuan entzute handia duten Hamar influencer-en Instagrameko kontuen engagement delakoa ikertu du.

Leire Magazek Instagrameko kontu horietako 500 argitalpen ikertzean, post-ekin lortzen duten elkarrekintza aztertu du, eta publizitatearen eraginkortasuna zehaztu. Laster egongo da lana jaisteko aukera, ADDI artxibo digitalean eta lehiaketaren webgunean.

Horrela, bada, 2021eko Komunikazio Digitalaren Ikerketa sariak Bartzelonako Unibertsitate Autonomoak ematen ditu, online komunikazioari, publizitateari, komunikazio estrategiari, publizitate sormenari eta marketinari lotutako GRALak saritzeko.

Aurten, lehiaketak babesle hauek izan ditu: Ogilvy, nazioartean ospe ona lortu, eta sariak irabazi dituen agentzia; Prodigioso Volcán, proiektu berritzaileak asmatzen eta garatzen dituen aholkulari estrategikoa; eta luk hiar!, digital signage delakoan espezializatuta dagoen komunikazio digitaleko agentzia.