Tapia: «Siemens-Gamesak Euskadin enpleguak mantentzeko duen konpromisoa oso positiboa da, baina informazioa hobetzea funtsezkoa da ziurgabetasuna saihesteko»

0

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburu Arantxa Tapiak gaurkotasuna aztertu du gaur goizean Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketan, eta honako gai hauek nabarmendu ditu:

Siemens-Gamesa

Gaur iragarritakoa Euskadiko lanpostuei eusteko konpromisoa bada, oso positiboa da. Komunikazioa falta da, batez ere lantegietako langileekin, eta langileak dira lehenik informatu behar direnak. Dagoen ziurgabetasuna falta den informazio horrengatik da. Gainera, berriztagarriak ezinbestekoak dira daukagun arazo energetikoa konpontzeko, eta uste dugu Siemens-Gamesak baduela etorkizuna.

Gamesaren salmenta eta Siemensen sarrera gertatu zirenetik, euskal hornitzaileekiko kontratazioak gora egin du, erosten dutenaren % 30 Euskadikoa da, eta Zamudioko langileak ere hazi egin dira. Euskadin etorkizuna dago lantegi horretarako, eta espero dugu operazio horrek oreka ekarriko duela konpainian, eta Euskadin lanpostuak bermatuko dituela.

Baina komunikazioa berehala eta biziki hobetu behar da.

Sektore eolikoa etorkizuna da, baina tamaina handiko enpresekin. Gaur egun egoera zail eta konplexuan gaude, baina Eusko Jaurlaritza enpleguari eusten saiatuko da, euskal hornitzaileentzako erosketa-ildoari eusten eta etorkizuna finkatzen.

Enpresa baten sustraitzea, akziodunen jabetzaz gain, Euskadin enplegua sortzea da, euskal hornitzaileekin lan egitea,  eta I+G+bn inbertitzea. Horretan guztian erakargarriak eta trebeak izaten jarraitzen dugu.

Trantsizio energetikoa

Ez dugu ondo ezarri trantsizio energetikoaren ibilbide-orria. Daukagun gasa ez esploratzeko aukera eman diogu geure buruari. Eztabaida hori berriro irekitzen bada, Europar Batasunak egin behar du. Bitartean, guk ahalik eta energia gehien aurreztu behar dugu, eta energia berriztagarriak ezarri behar ditugu, sare elektriko adimendunekin eta energia hori ondo gordetzeko aukera emango diguten instalazioekin. Hori da Eusko Jaurlaritzaren jarduera % 100 une honetan.

Denok bat gatoz trantsizio energetikoaren helburuekin, baina ondo ezarri behar da ibilbide-orri hori, ibilgailu elektrikoaren errekarga-estazioak finkatu behar dira ibilbidean eta hirietan, eta ibilgailu elektrikoaren sarrera ondo planifikatzea; ezin da erabat ezerezera pasatu egun batetik bestera. Ezin dugu gure automobil-industria desagerrarazi, ezta errepideetan ibilgailu elektrikoak edozein modutan sartu ere.

Next funtsak eta ekonomia

Ia agortu dugu 2022ko lehen seihilekoa, eta funtsen etorrera ez da amaitu. 2025aren amaierarako proiektuek gauzatuta egon behar dute, oso denbora gutxi da, funts horiek sektore pribatura iritsi behar dute, haien zain baitago buru-belarri.

Mundu osoa gerra ekonomian dago Ukrainaren inbasioaren ondoren Errusiari jarritako zigorren eraginagatik. Gainera, pandemiaren ondorioak ez dira amaitu. Aurreikuspenak oso epe laburrean egiten ari dira; uda ondoren ikusiko dugu zer gertatzen den.