Arabako ESIren Larrialdi Orokorretako instalazio berriak martxan jarri eta lehen 100 egunak igaro ondoren, 35.500 larrialdi artatu dira

0

Zuzeneko arreta AUO Txagorritxun zentralizatuta dago, AUO Santiagoko Larrialdietako jarduera bertan behera utzi gabe

Arabako ESIren Larrialdi Orokorretako instalazio berriak martxan jarri eta lehen 100 egunak igaro ondoren, 35.500 larrialdi artatu dira aldi horretan. Gehienak (% 81) AUO Txagorritxun artatu dira, eta AUO Santiagon larrialdietako jardueraren % 19 erregistratu da. Osakidetzako Arabako ESIko zuzendari gerente Jose María Pérezek Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean emandako datuak dira, bertan, Arabako Erakunde Sanitario Integratuko Larrialdi Zerbitzuaren planteamendua eta garapena azaldu ditu.

Agerraldian atzera begirako bat egin da Plan Zuzentzailearen jatorria azaltzeko eta Larrialdietako instalazioak Arabako Unibertsitate Ospitaleko – Txagorritxu zerbitzu orokor inauguratu berrien parte direla argitzeko.

Larrialdietako eremu berriari dagokionez, eta AUO Txagorritxuko garai bateko urgentziarekin konparatzeko gaitasunari dagokionez, Jose María Pérezek instalazio berriak irekitzean gertatu diren hobekuntzak zehaztu ditu:

    • Medikuntzako boxak: 28tik 39ra pasa dira.

 

    • Triaje-postuak: 1etik 2ra.

 

    • Egonkortzeko lanpostuak: 2tik 4ra, eta, gainera, egonkortu egin dira Pediatriako larrialdiak (lehen helduekin partekatzen ziren).

 

    • Kontsulta anbulatorioak: 3tik 6ra zabaldu dira, eta prozedura-gela bat gehitu da, 6 arreta-postu gehiagorekin.

 

    • Trauma-kontsultak: 2tik 4ra, sendaketa-gela batez gain.

 

    • Erradiologia sinpleko aretoak: 1etik 2ra igaro da.

 

“Vitoria-Gasteizek, Arabako lurraldeak eta Gipuzkoako zati batek Europako abangoardiako larrialdi-instalazioak dituzte. Zabalak, irisgarriak eta azken belaunaldiko teknologiarekin. Hori posible da Osasun Sailak eta Osakidetzak osasun-sistema modernizatzeko urteetan egindako apustuari esker”, Arabako ESIko zuzendari kudeatzaileak ziurtatu duenez.

Jardunari buruzko datuak eman ditu, balantze gisa, joan den otsailaren 2an Larrialdietako instalazio berriak ireki zirenetik: “instalazio berrien eta modernoen funtzionamenduko lehen 100 egunetan, 35.500 pertsonari eman diegu arreta. Artatu diren larrialdien % 81 AUO Txagorritxun izan dira, eta gainerakoak, % 19, AUO Santiagon. Datu horiek ezeztatu egiten dituzte AUO Santiagoko Larrialdietako Zerbitzuaren itxierari buruz egindako kritikak; izan ere, zerbitzu horrek funtzionatzen jarraitzen du”.

“Pertsona horiek artatzeko batez besteko atzerapena 11 minutukoa da, eta batez besteko egonaldi orokorra bi ordu eta erdi ingurukoa. Hau da, pertsona bat Larrialdietako Zerbitzura sartu eta Harrera-eremuan bere datuak ematen dizkigunetik Larrialdietako Zerbitzutik irteten den arte (ospitaleratu behar dutelako edo etxera alta ematen diotelako), bi ordu eta erdi igarotzen dira”.

Pandemiaren aurretik zeuden parametroen antzekoak direla azaldu du. “Orain, biztanleok eta profesionalok instalazio berriak eta modernoak ditugu”, hori da desberdintasuna, gaineratu duenez.

ZERBITZU OROKORREN ERAIKIN BERRIA

Larrialdiak iazko azaroan ireki zen zerbitzu orokorren eraikin berriaren parte dira. 25.000 metro koadrotik gorako azpiegitura da, 104 milioi euroko inbertsioa izan du eta 300.000 pertsonari baino gehiagori osasun-arreta eskaintzera bideratuta dago. Arabako ESIko zuzendari gerenteak azaldu duenez, “abangoardiako teknologia eta espazio zabal eta modernoak dituzte herritarrei ematen zaien zerbitzuaren kalitatea hobetzeko, horixe baita Osakidetzan egunez egun mugitzen gaituen helburu nagusia”.

LARRIALDI OROKORRETAKO ESPAZIO BERRIAREN EZAUGARRIAK:

    • Triaje-gela 2

 

    • 12 kontsulta (orokorrak eta espezializatuak)

 

    • Egonkortze-gela

 

    • Prozedura-gela

 

    • 39 box orokor (9 banaka)

 

    • 18 behaketa-box

 

ZERBITZU-INFORMAZIOA

Larrialdietara beren ekimenez joaten diren pertsonek AUO Txagorritxuko instalazio berrietara jo behar dute. AUO Santiagon, Larrialdietako Zerbitzua ez da desagertu, Arabako ESIko medikuek edota anbulantziaren bidez bideratutako pertsonak bakarrik artatzen dira, 112 zenbakiarekin harremanetan jarri ondoren.