Gobernu Kontseiluak Donejakue Bidea Monumentu Multzo izendapenaz Sailkatutako Kultura Ondasun izendatzeari buruzko Dekretuaren aldaketa onartu du

0
Sede del Gobierno Vasco, Lakua

Eusko Jaurlaritzak argi berdea eman dio gaur Euskal Autonomia Erkidegotik igarotzen den Donejakue Bidea Monumentu Multzo izendapenaz Sailkatutako Kultura Ondasun kalifikatzen duen urtarrilaren 10eko 2/2012 Dekretuaren aldaketari.

Donejakue Bidea Kultura Ondasun izendatu zuten 2000. urtean, Monumentu Multzo izendapenarekin, eta, ondoren, 2012an hala kalifikatzen zuen dekretua aldatu zen, erromesarentzat erabilgarria, jarraitua eta segurua izango zen ibilbide erreal eta fisiko bat finkatu ahal izateko, bide historiko eta publikoetatik ibiltzeari lehentasuna emanez. Orain, azken aldaketa hori egin zenetik denbora igaro ondoren, Euskal Kultura Ondarearen Zentroko zerbitzu teknikoek txosten bat egin dute urtarrilaren 10eko 2/2012 Dekretua aldatzearen komenigarritasunari buruz, Bide-trazadurari buruzko II. kapitulua eta Bideari eragiten dion Obra Zibilari buruzko III. kapitulua berridazteko.

Gobernu Kontseiluak gaur onartutako dekretuak aukera ematen du babestutakoaren osagarri diren bideak seinalatzeko, funtzio-, kultura-, ingurumen-, turismo- edo bestelako inguruabarrak kontuan hartuta, eta horrek ez du esan nahi dekretuan aurreikusitako babes-araubidea aplikatuko zaienik. Gainera, gaur onartutako testuak erregimen espezifiko berri bat planteatzen du historikotzat identifikatu gabeko bide eta pistentzat, horrela, lurzoru urbanizaezinean dituzten babes-eremuetan bide historikoetan baimenduta ez dauden jarduketa batzuk ikusarazi ahal izateko.

Kultura eta Hizkuntza Politika Saila arduratuko da gaur onartutako dekretuaren berri emateaz Donejakue Bidea igarotzen den udalei; Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Sailari eta Ingurumen eta Hirigintza Sailari; Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Sailari eta Azpiegitura eta Lurralde Garapeneko Departamentuari; Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Sailari eta Mugikortasun eta Lurralde Antolaketa Sailari; eta Etxebizitza Sailari. Gainera, dekretu berria Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialetan argitaratuko da.