Bost baserribide konponduko ditu Azpeitiko Udalak, landa eremuko irisgarritasuna hobetzeko

0
Lehiaketa publikoa abiatu du obrak esleitzeko eta gehinezko aurrekontua 146.072€koa izango da. Proposamenak aurkezteko epea ekainaren 1ean bukatuko da.

Azpeitiko Udalak urtero bezala, hainbat baserri bide konpontzeko diru partida jarria du 2022rako. Oraingoan 5 baserri bide konpontzeko proiektuak egin eta lehiaketa publikoa martxan jarri du, eta proposamenak edo eskaintzak aurkezteko epea ekainaren 1ean bukatuko da.

Zehazki, Abitain, Alabier, Urreta eta Etxe-alai arteko bidea; Oñazko Larrea eta Zabale artekoa; Aitzumarriagagoikoa eta Pagotxeta artekoa; Gerranzuri ella Antxieta (Urrestilla) artekoa eta Urrestillako Altzasu eta Bikendi artekoa konponduko dira.

Bide horien konponketaren bidez, landa eremuko bizilagunen segurtasuna eta irisgarritasuna hobetzea da helburua: “Landa eremua bizirik mantentzea oso garrantzitsua da udalarentzat. Horregatik, eremu horietako azpiegiturak ondo mantentzeko baliabideak jartzen ditugu urtez urte, tartean irisgarritasuna hobetzeko errepideak hobetzeko. Hala, neurri desberdinak hartuz, pixkanaka landa eremuko herritarren bizi kalitatean eragiten dugu”, adierazi du Josu Labaka Zerbitzu Orokorretako zinegotziak.

Sistiaga errekako bidea

Landa eremuko errepideen baitan, Azpeitiko Udala iazko abenduan Sistiaga errekan luizia izandako errepidea konpontzeko lanean ere ari da, baina irtenbide eta konplikatua du. Iazko abenduan errepidea erori zenetik, bertako bizilagun guztiekin harremanetan da udala. Luizia izandako bidea itxita dago ibilgailu zein oinezkoentzat herritarren segurtasuna bermatzeko, izan ere, azterketek luizi handiagoa gertatzeko arriskua dagoela adierazten dute, eta bizilagunek badute beste bide bat erabilgarri, Azkoitia aldera.

Azpeitiko Udala proiektua egiten ari da errepidea konpondu ahal izateko, eta lehen aurreikuspenen arabera, konponketak 600.000€ inguruko inbertsioa eskatuko luke. Hori horrela, emergentzietarako diru laguntza eskatzeko bidean da udala. Eta horretaz gain, alternatiba eta bide ezberdinak aztertzen ari da obra bideragarriago izateko helburuz.