Merytronicek aurrera egin du banaketa elektrikoen sareen digitalizazio eta monitorizazioan

0

Hain lehiakorra den sektore elektrikoan, Merytronicek bere esparrua lortu du hamarkada eskas batean. Erdi- eta behe-tentsioko banaketa-sareen digitalizazio, monitorizazio eta operazioetara bideratutako ekipo elektronikoen diseinu, garapen eta fabrikazioaren bidez lortu du. “Gure helburua eskaera elektrikoaren gorakadaren, energia berriztagarriak sarean sartzearen eta auto elektrikoa ezartzearen aurrean sareak modu ezin hobean kudeatzea eta bezeroei hornikuntza kalitate egokia bermatzea da”, azpimarratu du Iratxe Zuluaga Merytroniceko kudeatzaileak. Bere jarduera nagusia sektore elektrikoan zentratzen da, zehazki banaketa-sareetan, lurpeko sareak mantentzeko, digitalizatzeko eta monitorizatzeko, diseinatutako produktuen bidez.

Enpresa bizkaitarra Gorlan taldekoa da, eta osagaiak diseinatzen, fabrikatzen eta garatzen aritzen diren hainbat enpresek osatzen dute, batez ere sektore elektrikoan lan egiten dutenak. Aparailuak, koadro elektrikoak, etengailuak eta abar, egiten dituzte.

Behe-tentsioko sare elektrikoen mundua abiadura handian aldatu da eta sorkuntza berriztagarri banatua, ibilgailu elektrikoa, biltegiratze banatuko bateriak, mikro sareak edo neurgailu adimendunak agertu dira. Etengabeko aldaketa une honetan, enpresa euskaldunak Smart Grids teknologien bidez banaketa elektrikoko sarearen monitorizazioa ahalbidetzen du harpidedunek kontsumitzen duten energia elektrikoaren kalitatea bermatzeko.

Smart Grids edo sare adimendunen esparruan Merytronicek bi negozio-ildo desberdin garatu ditu, aldi berean elkarren osagarriak direnak. Alde batetik, behe-tentsioko banaketa-sareen monitorizazio– eta eragiketa-konponbide globala eskaintzen du Pronutec eta Ariadna Grid enpresekin batera. Eta, bestetik, banaketa-sare elektrikoak mantentzeko eta digitalizatzeko konponbide eramangarriak eskaintzen ditu.

Irtenbide horiei esker beharrezkoa den informazioa lor daiteke, hala nola, “transformazio-zentroak lanez gainezka dauden jakitea, sare elektrikoen plano eguneratuak izatea… Sareen kudeaketa eraginkorrari balioa ematen dioten aplikazioak”, dio kudeatzaileak.

Ekipo eramangarri eta finkoak

Amorebietako konpainiak eskaintzen duen ekipo eramangarrien gama osoari esker bezeroek hornidura-sarearen barruan zein lekuan konektatuta dauden jakin dezakete, lurpeko kableak nondik igarotzen diren jakin daiteke, eta manipulatu behar den kablea segurtasun osoz identifikatu daiteke. Eta gailu finkoen gamak behe tentsioko banaketa-sareen monitorizazioa errazten du. Iratxe Zuluagak aitortu du “konponbide sorta hori sareen digitalizazioarekin batera Smart Gridsentzako konponbideen baitan dago, eta elektrikoei banaketa-sareen kudeaketa eraginkorragoa egiten laguntzen dieten tresnak dira”.

Egindako identifikazioen fidagarritasun handiak euskal enpresaren produktuak bereizten ditu, “bai hornidura elektrikora lotzen den puntua identifikatzeko, zein kable elektrikoen manipulazioetan kable zuzena identifikatzeko”, zehaztu du kudeatzaileak.

Enpresa euskaldunak 12 milioi euro inguru fakturatzen ditu urtero, eta 35 langilek osatzen dute lantaldea. Langile kopurua handitzea aurreikusten da, “profil berrien bidez, hainbat motatako beharrak asetzeko”.

SPRI Taldearen helburuetako bat euskal enpresen eraldaketa digitala da. Besteak beste, Basque Industry 4.0, BDIH Konexio, Zibersegurtasun Industriala, Enpresa Digitala edo Inplantalariak laguntza-programen bidez bultzatzen du.