Barakaldok Hiri Agendaren bigarren faseari ekin dio, herritarren parte-hartzea bultzatuz, hiria eraldatzeko

0

Hiri Agenda hirien garapen iraunkorra lortzeko tresna eta dokumentu estrategikoa da. Barakaldo hiri pilotua da ekintza-plan estrategiko honen prestaketan eta, horregatik, Barakaldoko Udalak ekimen berri bat abiarazi du herritarrei Hiri Agenda aurkezteko eta haren proiektu estrategikoak ezagutarazteko. Helburua da herritarren eta hirian lan egiten duten eragile ekonomikoen proposamenak jasotzea, hiriko hainbat auzotan bisita gidatuak, hitzaldi tematikoak eta parte-hartze tailerrak eginez. Proiektu berri honek Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioaren dirulaguntza bat du, Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren eta Next Generation funtsen bidez.

Amaia del Campo Barakaldoko alkateak, Gorka Zubiaurre Gobernu Irekiko zinegotziak eta Alba Delgado Garapen Iraunkorreko eta Ingurumeneko zinegotziak aurkeztu dute gaur goizean Barakaldoko Hiri Agendaren proiektua, udaletxean egindako ekitaldi batean. Landuko diren ildo estrategiko nagusiak azaldu ondoren, aurkezpenean Barakaldoko kaleetan maiatzean eta uztailean programatutako jardueren egutegia jakinarazi da.

«Hiri Agendaren inguruan egin dugun lanari esker, duela astebete, Kataluniako Rubi Udaleko ordezkaritza baten bisita izan dugu, alkatea buru zela, lehen eskutik ikusteko nola ari ginen aplikatzen Hiri Agenda gure hiriaren bigarren eraldaketa handian, eta harro sentitzen gara horretaz», gogorarazi du alkateak. Halaber, adierazi du hiri Agenda tresna ezin hobea dela eraldaketa-prozesuak antolatzeko; «orain, gainera, hori guztia herritarren parte-hartzeari esker aberastuko da».

BARAKALDO ERALDATZEKO PROIEKTU PARTE-HARTZAILEA
2020an diagnostiko-prozesu bati esker hasitako Barakaldoko Hiri Agendaren proiektuak hiriaren bigarren eraldaketa handia egituratuko du, fokua alderdi sozialean, ekonomikoan eta auzoetan jarrita. Diagnostiko-prozesu horrek hiriak aurre egin beharreko erronka nagusietako batzuk identifikatu zituen, eta lehentasunak ezarri zituen sei ardatz estrategikotan: hobekuntza energetikoan, irisgarritasun unibertsalean, adinekoentzako arretan, espazio publikoaren berrikuntzan, hiri-ekonomiaren bultzadan eta administrazio elektronikoaren zeharkako garapenean.

Identifikatutako erronka eta lehentasunetatik abiatuta, aurretiazko ekintza-plan bat diseinatu zen, hiriko 50 proiektu inguru biltzen zituena, eta horietatik bederatzi lehentasunezkotzat jo ziren udalerriarentzat.

Identifikatutako 9 aurretiazko proiektu estrategiko horiek erronka horiei erantzutea eta tokiko gainerako ekimenen gainean trakzio-efektua sortzea izango dute helburu, Barakaldoko garapen ekonomiko eta sozialari lagunduz. Proiektu horien artean daude Munoa jauregiaren balioa handitzea, kultura- eta gizarte-erreferente gisa, bizikletaren eguneroko erabilera bultzatzea, irisgarritasun unibertsala, ibaiak berriz naturalizatzea, Pormetxeta berrasmatzea berrikuntzarako gune gisa, zaintzak digitalizatzea eta arrakala digitalarekin duen lotura, udalerriaren eraldaketa digitala, eraikin publikoen energia-eraginkortasuna eta Barakaldoko kaleetan argiztapena hobetzea.

Hiri Agenda partaidetza-prozesu bat izando da, hiria biztanleekin eta lurraldeko funtsezko eragileekin batera sortzeko. «Hala, bigarren lan-fase honetan, barakaldarrekin orain arte egindako barne-lana kontrastatu nahi dugu, eta haien ikuspegiari eta ekarpenei esker aberastu, Barakaldo jasangarriagoa, kohesionatuagoa, berdintasunezkoagoa eta berritzaileagoa izan dadin guztiontzat», aipatu du alkateak.

Bestalde, Delgado zinegotziak gogorarazi du 2019an Pedro Sanchezen Gobernuak Espainiako Hiri Agenda onartu zuela. «Gure herriak eta hiriak elkarbizitzarako eremu atsegin, abegitsu, osasungarri eta kontzientziatu bihurtzeko 2030era arte gauzatu beharreko estrategia eta ekintzak markatuko dituen ibilbide-orria da. Gaur aurkezten diren ardatzetatik ibaien birnaturalizazioari buruzko proiektua nabarmendu nahi dut bereziki. Barakaldon, gure hiria besarkatzen duten hiru ibai-ibilgu ditugu, eta hiri-bilbean modu iraunkorrean integratzen saiatu behar dugu. Ibaiak birnaturalizatzea hiri-proiektu estrategikoa da Barakaldon, eta denok inplikatu behar dugu horretan, modu aktiboan. Ildo horretan, beste erakunde eta organizazio batzuen eskutik gabiltza».

HERRITARRENTZAKO DOAKO JARDUERAK
Proiektu horiek ezagutzera emateko proposatutako jarduera-programa maiatzean eta ekainean garatuko da, eta hainbat saio mota izango ditu. Zubiaurrek azpimarratu du, alde batetik, Barakaldoko hainbat zonalde zeharkatuko dituzten tour gidatuak izango direla, Hiri Agendari eta hirira ekarriko dituen aldaketa nagusiei buruzko azalpenekin batera. Ibilbide horien abiapuntuak, guztiz irisgarriak eta lagunkoiak, Gurutzetako metroa, Bide Onera plaza, Pormetxeta eta Gorostizako Kiroldegia izango dira. Zubiaurrek nabarmendu duenez, «ibilbide horietan Hiri Agenda horren eragina egiaztatu ahal izango da, eta hori guztia primeran egin daiteke familian».

Osagarri gisa, proiektuetan sakontzeko aukera egongo da, hitzaldi interaktiboen bidez. Hitzaldi horiei esker, atariko proiektu bakoitza xehetasun handiagoz ezagutu ahal izango da, herritarrei ekarriko dizkieten onurak modu zuzenagoan ikusteko. Gainera, herritarrek parte hartzeko tailerretan parte hartu ahal izango dute, beren kezkak eta ikuspegia azaltzeko.

Saioak Barakaldoko herritar guztientzat eta eragile ekonomikoentzat (merkataritza, ostalaritza eta ETEak) zabalik egongo dira eta euskaraz eta gaztelaniaz eskainiko dira, goizez eta arratsaldez, erabat doan. Jarduera bakoitzean aldez aurreko izen-ematea barakaldorentxokoa.eus udal web orriaren bidez egin ahal izango da. Programa honetako jarduera guztietan Barakaldoko merkatuan kontsumitzeko erosketa bonuak zozketatuko dira.

«Herritarrei programa honetan parte hartzeko deia eginez amaitu nahi nuke nire hitzalditxoa. Guk ez dugu udal-politika ulertzen herritarren parte-hartzerik gabe. Barakaldo eraldatzen ari da, eta herritarren beharrizanak kontuan hartuta egiten ari da, euren eskaerak egia bihurtuz. Horregatik, Barakaldo berriarekin batera Hiri Agendak ematen digun aukera honetan parte hartzera animatu nahi dut jende guztia. Pertsonak eta auzoak ardatz dituzten proiektuekin ilusionatzen duen Barakaldon parte hartzera», alkateak adierazi duenez.