Lehendakariak uste du Europako Funtsak direla eraldaketa berde, digital eta sozialaren motorra

0
PRUEBA

Iñigo Urkullu Lehendakariak elEconomista aldizkariak antolatu duen “Next Generation Euskadi” jardunaldiaren irekiera ekitaldian parte hartu du. Aldizkari honek ‘Next Generation UE’ funtsen inguruan egiten ari den hitzaldi-zikloaren barruan kokatzen da jardunaldia hau. Hitzaldi hauetan, herrialdeko lider nagusiek beren proiektuak aurkezten dituzte eta ekonomiaren elementu eraldatzaile gisa nola balioko duten argitzen dute.

Lehendakariak bere hitzaldian adierazi duenez, Europako Funtsak eraldaketarako motorra dira testuinguru global honetan, eta balio behar dute trantsizio energetiko iraunkorraren erronkari aurre egiteko, klima-aldaketa murrizteko eta haren eraginak arintzeko; eraldaketa digitala Europar Batasuna modernizatzeko palanka gisa ulertzeko; eta trantsizio sozialerako, aldaketa demografikoen eta beharrezko egokitzapenen jakitun izanik. Urkulluren arabera, Next Generation EU da eraldaketa berde, digital eta sozialaren prozesu hori bultzatzeko tresna.

Hala, gogorarazi du Euskadin tresna propio bat dagoela eraldaketa-prozesu horrekin lerrokatuta: Euskadi Next 2021-2026 Programa. Programa hori mugarri izan zen covid osteko aroari asmo handiagoko jarrera batetik aurre egiteko eta erronkari erantzun kolektiboa emateko. “Kontua ez da covid-aren aurreko egoerara itzultzea, ikasitako ikasgaiak aplikatzea baizik, jauzi kualitatibo bat emateko. Aurreko agertokira itzultzea ez da desiragarria, ez bideragarria ez egingarria”, nabarmendu du.

Bizi dugun ziurgabetasun-testuinguruan, eta «Next Generation» lan-jardunaldi honen esparruan, Lehendakariak lau proposamen eraikitzaile partekatu ditu.

    • Bizkortasun handiagoa Europako Funtsen gauzatzean.

 

    • Parte-hartze handiagoa PERTEetan.

 

    • Eskualdeek protagonismo handiagoa izatea funtsen inplementazioan, Eskualdeetako PERTEren bidez.

 

    • Autonomia-erkidegoekn parte hartzea Espainiako Berreskuratze Planaren Adenda diseinatzen, Bruselara aurkezteko eta 70.000 milioi euroko maileguak eskuratzeko.

 

Iñigo Urkulluk adierazi du Euskadin aukera gisa hartzen dela Europako Funtsen ekimena. Hala ere, Next Generation EU ekimenaren parte diren Berreskuratze eta Erresilientzia Mekanismoaren Europako Funtsak (MRR) behar bezala erabiltzeko beharra azpimarratu du. “Honako hau da Europar Batasunaren aurrerabidearen eta oparotasunaren oinarriak hurrengo belaunaldientzat ezartzearen aldeko apustu honetan jasotako tresnarik garrantzitsuena. Tresna honek etapa berri bat ireki du. Europar Batasunaren erantzun irmoa eta bateratua izan da, hamarkada bat baino gehiagotan izaera globaleko krisi batzuk kateatu ondoren”, adierazi du.

Gainera, Lehendakariak azpimarratu du egoera ezin hobea ireki dela eraldaketa globaletan lankidetzan aritzeko eta nahi dugun etorkizuna elkarrekin eraikitzeko, hain zuzen ere aurrekontu-egonkortasunari buruzko araudia beste urtebetez etenda egongo dela dakigun honetan. “Hurrengo belaunaldientzat aurrerabidea eta oparotasuna bermatzeko unea da. Momentuak lankidetza eta, batez ere, ekintza eskatzen die erakundeei. Momentuak Administrazioaren eta sozietatearen arteko sinergia eskatzen du”, gaineratu du.

Azkenik, Urkulluk Euskadiko eredua jarri du balioan: «auzolana», guztien ongiaren aldeko lankidetza. “Ondasun hau moneta beraren bi aldeek osatzen dute: aurrerabide ekonomikoa eta aurrerabide soziala. Giza Garapen Iraunkorraren Euskal Ereduaren bi zutabeak dira. Garapena ulertzeko eredu humanista, enpresaren eta gizartearen eskutik», adierazi du.

Irekiera instituzionalaren ondoren, bi eztabaida-mahai egin dira, eta jardunaldia Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren hitzaldiarekin amaitu da.