Shuton-ek % 40rainoko hazkundeak lortu ditu makina-erremintaren sektorean

0

Shuton Legution (Araba) kokatutako enpresa bat da, eta doitasunezko boladun torlojuak egiten ditu, hots, funtsezkoa den pieza bat makina-erremintaren sektorean. Konpainia horrek % 40rainoko hazkundeak lortu ditu bere negozioan. SPRI Taldearen Hazitek programako laguntza bat jaso du, zeinak ikerketa industriala eta garapen esperimentala bultzatzen baititu euskal enpresetan.

Makina-erremintan espezializatutako Maher Holding euskal talde industrialak sortu zen enpresa hau 1975ean. “Garai hartan kontrol numerikodun makina-erreminta egiten zen, eta ikusi zen boladun torlojuak fabrikatu beharra zegoela sektoreko premiei erantzuteko” azaldu dute Roberto Mielgok (lantegiko zuzendaria) eta Pako Juaristik (zuzendari komertziala).

Boladun torlojua makina-erreminta baten elementu garrantzitsuena da “ardatz guztiak linealki mugi daitezen; mugimendu birakariak mugimendu lineal bilakatzen ditu. Makina-erremintari doitasuna ematen dion pieza da”.

Shuton-en ezaugarri nagusia bere nazioartekotzea izan da hasieratik; 70eko hamarkadan hasi zen esportatzen, eta 80ko hamarkadan lortu zuen marka sendotzea Frantzian eta Italian. 2020an, 400dik gora langile dituen Nadella talde italiarrak erosi zuen.

Enpresa arabar honen bezero garrantzitsuenak makina-erreminta sektorekoak dira, eta baita ere plastikoaren injekzio makinen fabrikatzaileak. “Produktu espezifikoak garatu ditugu merkatu-nitxo horietarako teknologi zentro eta unibertsitateekin batera. Produktu-familiak eskaintzen ditugu sektore bakoitzerako”.

Produkzioaren % 90 esportatu egiten da

Produkzioaren % 90 esportatu egiten da, gehienbat Europako herrialdeetara (% 60), zeintzuen artean Italia eta Alemania nabarmentzen baitira; beste % 30 bat Asiara bideratzen da (Txina, Korea, Japonia, India eta Taiwan), eta gainerako % 10a Ipar Amerikara (AEBak eta Kanada). Konpainiak % 40ko hazkundea izan zuen iaz, eta aurten ere gorakada indartsua espero du, % 35ekoa, 15 milioi euroko fakturazioa erdiesteraino. Plantillan 82 langile daude, eta aurreikuspenen arabera, aurtengo ekitaldian ia % 5eko inbertsioa egingo dute I+G-n: “portzentaje hori erregularki mantentzen dugu urtero”.

Shuton-ek SPRI Taldearen Hazitek programako laguntza bat jaso du, zeinari esker High load produktu-sorta garatu ahal izan baitu; produktu-sorta hori plastikoaren injekzio sektorera eta energia sektorearen barruko karga ultra handien arlora bideratuta dago. “Aukera ematen digu makina-erremintaz bestelako merkatuak lantzeko, makina-erremintak gorabehera handiak izaten dituelako”. Produktua merkatuan dago jadanik.

Hoztutako azkoindun torlojuak ere garatu eta merkaturatu dituzte “duela ia 10 urte lankide dugun Mondragon Unibertsitatearekin eta Tecnalia eta Tekniker bezalako teknologi zentroekin lankidetzan. SPRIren Hazitek bezalako laguntzek aukera ematen digute horrelako proiektuak garatzeko. Laguntza horiek gabe oso zaila litzateke ekimen hauek gauzatzea”.

Shuton-en etorkizuneko erronkak dira hazten jarraitzea eta Europako lider bihurtzea torlojuen fabrikazioan. “Nadella taldeak erositako Husillos Ipiranga enpresarekin garatu dugun lankidetzari esker, jauzi esponentzial bat egin dugu, arreta emanez bikaintasunari eta produktuak garatzen jarraitzeari”.

Gainera, sektore berriak aztertzen jarraituko dute. “Ingurumen-arrazoiak direla medio, gero eta gehiago erabiltzen dira sistema elektromekanikoak sistema hidraulikoen ordez, eta lider izan nahi dugu merkatu horri torlojuak eskaintzen dizkien enpresen artean”. Fakturazioari dagokionez, helburutzat dute bost urteko epean 25 milioiko langa gainditzea.

Bestalde, aipatzekoa da Shuton-en izaera parte-hartzailea. “Negozioak bilakaera bikaina izan du pertsonen konpromisoari esker, eta horretan lanean jarraituko dugu. Enpresa handiekin lehiatzen gara, eta pertsonak dira haiengandik bereizten gaituen faktorea”.