Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak Koldo Mitxelena Literatura Lehiaketako 2022ko irabazleak saritzeko ekitaldia antolatuko du maiatzaren 28an, 12:00etan, Udaletxeko Udalbatza aretoan.
Urtero bezala, saridunak izango dira protagonista nagusiak. Dorleta Urretabizkaiak aurkezpen lanak egingo ditu; Iñaki Salvadorrek eta Ainara Ortegak musika dotorez apainduko dute ekitaldia, eta epaimahaiko kideak ere bertan izango dira lanak irakurtzen, erakusten eta kantatzen laguntzeko. Eneko Goia alkatea ere bertan izango da aurtengo saridunak eta aipatuak zoriontzeko.
1.385 lan aurkeztu dira aurtengo edizioan
Koldo Mitxelena Literatur Lehiaketaren 33. edizioan 26 lan saritu dira eta 34 lanek jaso dute aipamen berezia. Parte hartzeari dagokionez, arrakastatsua izan da oso, 1.385 lan aurkeztu baitira aurten, pandemiako urteetan izan den igoerari eutsiz.
33. edizioan saritutako lanak (6 komiki, webkomiki 1, 4 olerki, 7 ipuin, 4 bertso eta 4 mikroipuin) liburuxka batean bildu dira eta www.donostiaeuskaraz.eus-en ikus daitezke. Bertan, epaimahaiaren (Iñaki Martinarena “Mattin” komikigilea, Beñat Gaztelumendi bertsolaria eta Yolanda Arrieta, Ana Malagon, Inazio Mujika eta Arantxa Urretabizkaia idazleak) aipamen berezia merezi izan duten lanen zerrenda ere argitaratu da; 34 lan, hain zuzen ere.
Aurtengo edizioan, bestalde, 23 ikastetxetako ikasleek parte hartu dute.
Erlazionatutako dokumentuak
2022/05/27-an argitaratua