Ezagutzaren alde

0

Gaur goizean, Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntzako sailburua, Agustín Erkizia UPV/EHUko Gipuzkoako Campuseko errektoreordea, Roberto Iñíguez de Onsoño Irizar S Coop. kooperatibako langileen zuzendaria, eta Itziar Alkorta Uda Ikastaroen zuzendari akademikoa Donostiako Miramar jauregian izan dira,  41. edizio hau osatuko duten zenbait programa espezifikotako edukiak aurkezten.

41. edizio honetan 8 erronka nagusi izango dira ardatz: gobernantza modu berriak, berdintasuna, digitalizazioa, osasun mentala, zahartzaroa, jasangarritasuna –Donostia Sustainability Forumaren bitartez–, hezkuntza eta euskal kultura.

Ukrainako gerraren eragina kontuan izango da programazioan, baita pandemiaren bilakaera eta ondorioak ere, edizio honetan guztian zeharkako gaiak izango dira eta.

Gaur, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailarekin batera eta Irizarrekin elkarlanean garatutako programak aurkeztu dituzte erakunde horietako arduradunek.

Hezkuntza Programa

1993. urteaz geroztik, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak eta UIK-k elkarlanean diseinatzen eta garatzen dute EAEko irakasleei zuzendutako eskaintza. Elkarlan horren bitartez, bi erakundeek lankidetzan jarduten dute berrikuntza hezkuntzan txertatzeko lanetan.

Elkarlan horren barruan sartzen dira “Irakasteko ikasten” eta “Prest_Gara” programak.

Hezkuntza Sailak bere estrategia nagusiekin bat datozen ikastaroak (Uda Ikastaroak, online ikastaroak, …) homologatzen ditu eta, hartara, unibertsitateaz kanpoko irakasleek beren eskumenak berritu ahal izan ditzaten. Jarduera horiek “Irakasteko Ikasten” programan sartzen dira eta irakasleek deskontua lortzen dute ikastaro horien matrikulan.

Aldi berean, homologatutako ikastaroetatik –irakasteko Ikasten, 9 jarduera txertatu dira “Prest_Gara” eskaintzan. Ikastaro bakoitzerako 20 plaza eskaintzen dira Prest_Gara deialdian.

“Bizitzaren bidaia”, Irizar

17 urte dira, jada, Irizarrek Uda Ikastaroetan parte hartzen duela.

“Bizitzaren bidaia”, aurten Irizarren laguntzarekin sortutako programan, errealitate asaldatua bizitzea tokatzen ari zaigun honetan, hausnarketa egingo dugu gai hauen inguruan: “Ser Humano. Ser espiritual”, “Salud: alimentación, actividad física, descanso, microbioma y reprogramación de hábitos”; era berean, Elkanok duela 500 urte munduari bira ematearen gertakari historikoak ere gure egungo munduarekin duen loturaren inguruan ere hausnartuko dugu ikastaro honetan: “Elkanoren oroitzapena: ondorioak eta galdera berriak”.

Topagune

Aldi berean, 2020an abiarazi zen Topaguneak formatuari jarraipena emango diogu edizio honetan; Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gobernantza Departamentuarekin elkarlanean sortu genuen formatu hori, herritarren arteko topaketa aktiboak sustatzeko asmoz, politikaren eta gizartearen arloko parte-hartzean urratsak eman daitezen.

Aurten parte-hartzean oinarritutako 4 topagune egingo dira: “Parte-hartzea, autodeterminazioa eta ahalduntzea: gizarteratzea lortzea eta indarkeria matxistari aurre egitea. Esperientziaren ahotsak”, “Ekintza Komunitarioa: erronkak eta esperientziak”,”Naturan Hezi II Topaketak: Ekozentrismoruntz bidaia” eta “Eskola Publikoa, ahaldunduz hobetu”.

Biktimologiako Nazioarteko Sinposioa

Jarduerak, parte-hartze eta eragin handia izango duenez, Biktimologiako Nazioarteko Sinposioaren edukiak aurreratu dira; izan ere, 500 pertsona inguru bilduko dira Donostiako Kursaalen ekainaren 5etik 9ra bitartean, eta mota guztietako biktimei arreta emateko esku har dezaketen alderdi guztiak aztertzen dira, hiru urtean behin munduko hainbat hiritan egiten den nazioarteko topaketarik garrantzitsuena da hau. Ekainaren 6ean, Odesako Zuzenbide Penaleko katedraduna den Viacheslav Tuliakov izango da bere txostenarekin Sinposioari hasiera emango diona eta Iñigo Urkullu Lehendakariaren presentziarekin kontatuko da. Tuliakov, egun errefuxiatua da, eta Ukrainako gerran ematen ari diren giza eskubideen urraketen inguruan mintzatuko da.

Uda Ikastaroen inaugurazioa

Psikologia Klinikoan eta Osasunaren Psikologian doktorea, psikoterapeuta eta idazlea den Laura Rojas-Marcos -ek UPV/EHUko Uda Ikastaroen 41. edizio honen hasierako hitzaldia emango du “La adaptación saludable a los cambios” titulupean.

Ekitaldia ekainaren 21ean izango da arratsaldeko 17:30etan.

Online zuzenean jarraitu ahal izango da, UIK-ren webgunean izena emanda.

Matrikula 

Matrikula egiteko epea zabalik dago, jarduera hasten den egunera bitarte; publiko guztientzako moduko proposamenak biltzen dira: mundu akademikoa, ikerketa, profesionalak, erakunde publikoak, ikasleak eta, oro har, gizarte osorako.

Matrikula erraz egin daiteke bai mugikorraren bitartez, baita webgune berrian ere: www.uik.eus