Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak eta Xabier Legarreta Migrazio eta Asiloko zuzendariak Bilbon bizi den Afrikako komunitateak Afrika Egunaren inguruan asteon antolatu dituen ekitaldietan parte hartu dute.
Eusko Jaurlaritzak kolektibo horri erakutsi nahi izan dio Afrikako kontinentea ikusarazteko, aniztasuna sustatzeko eta arrazismoaren aurka borrokatzeko egiten duten lanari babesa ematen diola. “Gure herrian integratuta senti zaitezten lan egiten dugu; gure kultura ezagut dezazuen, baina zuenari uko egin gabe, planteamendu inklusiboetatik abiatuta”, esan du sailburuak Afrikako komunitatearekin izan duen topaketan.
Era berean, Artolazabalek gizarte anitzagoa, aberatsagoa eta kulturaniztasun handiagokoa lortzeko nahia adierazi die. “Izan ere, gizarte anitza zorioneko gizartea da”, esan du.