Euskal Kultura Ondareari buruzko Legea aldatzeko proposamena errefusatu du Gobernu Kontseiluak

0
Gobernu Kontseiluak ez du begi onez ikusten Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen aldaketa, batik bat EH Bildu legebiltzar taldeak proposatzen duen lege proposamenean planteatutako gaiak dagoeneko araututa eta jasota daudelako indarrean dagoen legean eta lege horren garapenean. Horregatik, lege proposamena aintzat hartzearen aurka dagoela adierazi du Jaurlaritzak gaurko bileran.

Metal-detektagailuen erregulazio espezifikoari dagokionez, Eusko Jaurlaritzak dio indarrean dagoen legeak, 64. artikuluan, prospekzio geofisikoa aipatzen duela, eta prospekzio horren barruan metal-detektagailuak jarduera arkeologiko gisa erabiltzea dagoela.

Beste artikulu batek, 66. artikuluak, ezartzen du prospekzio arkeologikoko jarduera horiek kasuan kasuko foru aldundiko kultura-ondarearen zerbitzuaren onespena izan behar dutela. Beraz, jarduera bera, hau da, materialak bilatzeko lurra mugitzea, araututa dago jadanik.

Euskal Kultura Ondareari buruzko Legeak debekatu egiten du Euskadiko aztarnategi arkeologiko batean lurrak mugiaraztea, salbu eta dagokion foru aldundiko kultura-ondarearen zerbitzuak onartutako arkeologia proiekturik badago eta dagokion baimena badu. Legearen 84. artikuluak arau-hauste oso larritzat jotzen ditu bai ustekabeko aurkikuntzak ez jakinaraztea, bai materialak Araba, Bizkai edo Gipuzkoako gordailu zentroan ez entregatzea.

Oro har, Euskal Kultura Ondareari buruzko Legeak euskal administrazio publikoen hiru mailetako bakoitzari kultura-ondarearen arloan dagozkion jarduerak zehazten ditu, eta halaber horien koordinazioa bermatzeaz arduratuko den organoa sortzen du. EAEko euskal kultura-ondarearen araubide juridikoa ezartzea da lege honen xedea, ondare horren babesa, kontserbazioa eta balioa ematea bermatzeko, bai eta ondare hori pertsona guztiek ezagutu, ikertu, zabaldu eta gozatu ahal izateko ere.