Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak doako prestakuntza-eskaintza indartu du, eta ekainean, uztailean eta irailean abian jarriko ditu hamabi ikastaro eta tailer, Euskadiko erakundeei berrikuntza-prestakuntza emateko. Prestakuntza aurrez aurrekoa, online edo hibridoa izango da, eta haren helburua da enpresa berritzaileen kopurua eta haien berrikuntza-prozesuen kalitatea handitzea; beraz, bereziki pentsatuta daude enpresa txiki eta ertainentzat, sektorea edozein dela ere.
Innobasqueren prestakuntza-eskaintza etengabe berritzen da ikastaro eta tailerrekin, eta, haien xede-profiletara egokitzeko, lau prestakuntza-modulutan banatzen dira: lehena, nagusiki, ETE-entzako da, eta berrikuntza-metodologiak jorratzen ditu. Bigarrena Euskadiko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planean aurreikusitako espezializazio adimenduneko zazpi arloei buruzkoa da (industria adimenduna, energia garbiagoak, osasun pertsonalizatua, ekoberrikuntza, elikadura osasuntsua, Euskadi sortzailea eta hiri jasangarriak), eta bereziki interesgarria da bitarteko eragile eta enpresentzat. Hirugarrena I+G+b-ren balorizazio, kudeaketa eta ustiapenari buruzkoa da, eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragileei dago zuzenduta. Azkena I+G+b proiektuetarako Europako finantzaketarako sarbideari buruzkoa da, eta zuzenduta dago barneko I+G jarduera duten erakundeei, enpresak eta bereziki ETEak lehenetsiz.
Berrikuntza-prestakuntzaren deialdi berri honetan jasotako hamabi ikastaro eta tailerretatik zortzi bideratuta daude berrikuntzan lehen urratsak egiten ari direnengana, eta beste lauak maila aurreratuagoa duten erakundeetara. Izena emateko inprimakiak erabil daitezke Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziaren webgunean.
- MODULUA – BERRIKUNTZA-METODOLOGIAK
Ekainak 21 eta uztailak 13 – Tailer praktikoa: Jakin ea berrikuntza erabilgarria izan daitekeen zure enpresarentzat (bi saiotan banatzen da). AURREZ AURREKOA
Tailerrak bost ordu iraungo ditu, eta Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak emango du. Bi saioetan zehar banaka eta taldeka egingo dute lan, eta parte‑hartzaile bakoitzak hausnartuko du ea berritzeko une egokia den enpresan, eta ikasiko dute hori nola egin azkar eta emaitza onekin. Gainera, enpresetan berrikuntza aktibatzeko baliabideak eta ekintza-plan txiki bat emango dira.
Uztailak 7 eta 12 – Tailer praktikoa: Ideiak berrikuntza-proiektu bihurtzea (bi saiotan banatzen da). ONLINE
Tailerrak bost ordu iraungo ditu, eta Mirian In Change aholkulariak eta Berrikuntzaren Euskal Agentziak emango dute. Ideia bat proiektu bihurtzeko tresna, gidalerro eta metodologiak emango dira, azkar eta ekintza-plan batekin enpresa parte-hartzaile bakoitzarentzat.
Ekainak 22 eta uztailak 6 – Tailer praktikoa: Lankidetzan berritzea: nola aktibatu barnean edo beste bazkide batzuekin egindako lankidetzako proiektuak (bi saiotan banatzen da). AURREZ AURREKOA
Tailerrak bost orduko iraupena izango du, eta aukera emango du honako hau aztertzeko: lankidetza egokia izan ahal daitekeen enpresarentzat berrikuntza‑proiektuak garatzean, eta zein lankidetza izan ahal daitekeen egokiena une bakoitzean. OAZ Coaching para el cambio-k eta Berrikuntzaren Euskal Agentziak emango dute, eta bertaratuek lankidetzan berritzeko esperientziak, gakoak, tresnak eta baliabideak partekatuko dituzte.
Ekainak 17, uztailak 8 eta irailak 23 – Zaintza estrategikoko tailer praktikoak. AURREZ AURREKOA ETA ONLINE
Goiz batean zehar, tailer bakoitzak TKNIKAk, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak eta Metrología Sarikik zaintzarako bidean izan dituzten oztopoetan eta aurkitu dituzten konponbideetan sakontzen du. Tailerraren lehenengo atala soilik aurrez aurre egingo da, baina bigarrena ere online jarraitu ahalko da.
Irailak 29 eta urriak 6 – Ikastaroa: Negozio-ereduetan berritzea (bi saiotan banatzen da). AURREZ AURREKOA
C2B – Campus to Businessek, Mondragon Unibertsitateak eta Berrikuntzaren Euskal Agentziak emandako ikastaro aurreratu honek negozio-ereduen berrikuntzari lotutako kontzeptuetan sakontzen du, eta, kasu praktiko bat aztertu eta tresna zehatzak erabilita, aukera ematen du enpresek beren negozio-eredua berritzeko aukerak ezagutzeko.
- MODULUA – RIS3 ESPEZIALIZAZIO ADIMENDUNEKO EUSKAL ESTRATEGIAREN AUKERAK
Ekainak 29 – Ikastaroa: Ekoberrikuntza. ONLINE
Mondragon Unibertsitateak eta Ihobek (Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoa) emandako lau orduko ikastaro honen xedea da ekonomia zirkularraren oinarrizko kontzeptuak ezagutzea eta bere aukerak ezagutzea zenbait alorretan, hala nola zerbitizazioa, baliabideen aprobetxamendua eta ekoproduktibitatea.
Uztailak 14 – Ikastaroa: Euskadi sortzailea. ONLINE
Ikastaro honek berrikuntzak industria kulturaleko eta sortzaileko (IKS) sektoreko euskal enpresei ematen dizkien aukeretan sakontzen du; horretarako, eskuragarri dauden kasu praktikoak, tresnak eta laguntza‑zerbitzuak erabiltzen ditu. Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saila eta Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak ematen dute.
- MODULUA – I+Gren BALORIZAZIOA, KUDEAKETA ETA USTIAPENA
Uztailak 12 – Ikastaroa: I+G+b-ko emaitzak saltzeko teknologia edo proiektu baten finantza-balorazioa. AURREZ AURREKOA
Qi Europeko aditu batek ikastaroak irauten duen zortzi orduetan azalduko du I+G+b-ren bidez lortutako emaitzak nola neurtu eta plangintza estrategikoa gauzatzeko, ustiapena errentagarri egiteko eta hirugarrenei saltzeko prestatzeko gakoak zeintzuk diren.
- MODULUA – I+G+b PROIEKTUETARAKO EUROPAKO FINANTZAKETA LORTZEA
Uztailak 13, 14, 20 eta 21 – Ikastaroa: Horizon Europen proiektuen proposamenak prestatzea (lau saiotan banatzen da). AURREZ AURREKOA
Qi Europek emandako hogei orduko ikastaroa. Bertan, pertsona bertaratuek jarduketa- eta gomendio-protokoloa izango dute Horizon Europe (2021-2027) ikerketako eta berrikuntzako Europako esparru-programan proposamenen planifikazio eta prestakuntza egokia egiteko.
Irailak 22 eta 23 – Horizon Europen proiektuak kudeatzeko eta justifikatzeko ikastaro aurreratua (bi saiotan banatzen da). AURREZ AURREKOA
Hainbat adibideren, jardueraren eta talde-dinamikaren bidez, ikastaro honek modu praktikoan eta benetako kasuak erabilita aztertzen du Horizon Europe (2021-2027) ikerketako eta berrikuntzako Europako esparru-programan proiektuak kudeatzeko eta justifikatzeko prozeduren oinarrizko zikloa.