Egunerokoaren zientzia Euskadiko kaleetan zehar ikusgai, “Zientzia kalean” erakusketari esker

0

Zientzia kalean”·hiri-erakusketa ibiltariak telefono mugikorraren, ogiaren, garagardoaren eta egunero erabili ohi diren beste elementu batzuen atzean dagoen zientzia guztia bistaratu nahi die herritarrei

Erakusketa, euskaraz eta gaztelaniaz egindako 11 infografiaz osatua, ekainaren 3an inauguratuko da Leioako Campusean (Bizkaia), eta bertan hiru aste egin ondoren, Euskadiko hainbat herritatik igaroko da

Erakusketa Euskal Herriko Unibertsitateko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nafarroako Unibertsitateko Zientzia Museoaren ekimena da, eta UPV/EHUko Ikerketa Gizartean Zabaltzeko Zuzendaritzari eta Euskampus Fundazioari esker abiarazi da

Bilbo, 2022ko ekainaren 2a. Normalean erabiltzen edo kontsumitzen ditugun elementuen atzetik, iturriko ura, ogia edo telefono mugikorra barne, ezaguera zientifikoz betetako unibertso zabala dago. Bestela esanda, zientziaz inguratuta gaude eta zientziaren presentzia hori begi hutsez iruditzen zaigun baino askoz ere zabalagoa da.

Horrexen froga dugu “Zientzia kalean” hiri-erakusketa ibiltaria. Honen ibilbidea Euskal Herriko Unibertsitatean bertan hasiko da, eta hiru aste egingo ditu UPV/EHUren Leioako (Bizkaia) Campuseko zelaigunean, unibertsitate-komunitateari, eta gero herritarrei, eguneroko objektuetan dagoen zientzia guztia ezagutzera emateko.

Erakusketa bihar inauguratuko da, ostirala, ekainak 3, UPV/EHUk ekainaren 3tik 9ra bitartean ospatuko duen Green Week edo Aste Berdeari dagozkion jardueren hasierarekin bat eginez eta 2022ko irailaren 30ean Bilbon egingo den Ikertzaileen Europako Gauari aurrea hartuz.

“Zientzia kalean” euskaraz eta gaztelaniaz egindako 11 infografiak osatzen dute, eta joan-etorrian ibiliko dira datozen hilabeteotan Euskadiko hainbat herritan zehar. Ekimen honen bitartez, modu enpirikoan frogatu nahi diete tokian tokiko oinezkoei eta ibiltariei zientzia eguneroko bizimoduan inguratzen gaituzten gauza guztietan txertatuta dagoela.

Zientzia espaloietan

Leioatik igaro ondoren, irailean, erakusketa Bilboko kaleetara jaitsi eta Euskalduna Jauregiko zabalgunean kokatuko da, Naukas Bilbao dibulgazio-ekitaldiaren kariaz. Ondoren, infografia horiek hiriko beste leku batzuetan jarriko dituzte ikusgai: UPV/EHUko Ingeniaritza Eskolaren inguruetan eta Areatzako zabalgunean. Bizkaiko egonaldia urteko azken hiruhilekoan amaituko da, izan ere, urrian eta azaroan infografiak Gasteizko eta Donostiako hainbat lekutara eramango dituzte.

“Zientzia kalean” erakusketa herritarrengana irten eta jendea ibiltzen edo elkartzen den lekuetan agertzea xede duen dibulgazio-ekimena da. Horrela, zientziak ohiko jokabidea aldatu eta jendearengana iritsiko da, zientzia-dibulgaziorako jardueren ohiko joerari buelta emanez, izan ere, horrelako jardueretan jendea da ekitaldietara, hitzaldietara, museoetara, azoketara eta bestelako gertaeretara gerturatzen dena.

Infografien erakusketa NorArte ilustrazio zientifikoko estudioak egin du Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) eta Nafarroako Unibertsitateko ikertzaileen aholkularitza zientifikoarekin, eta panel bakoitzean dagoen QR kodearen bitartez deskarga daiteke.

Dibulgazio-jarduera hau UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Nafarroako Unibertsitateko Zientzia Museoak bultzatutako ekimena da, eta UPV/EHUko Ikerketa Gizartean_Zabaltzeko Zuzendaritzaren eta Euskampus Fundazioaren laguntzari esker izango da ikusgai.