25 hizlarik baino gehiagok Euskadin Lehen Mailako Arretaren erradiografia egingo dute ekainaren 13an eta 14an, UPV/EHUren Uda Ikastaroen esparruan. Osakidetzak antolatutako “Lehen Mailako Arretaren iragana, oraina eta etorkizuna” izeneko ikastaroaren helburua asistentzia-maila horri balioa ematea da, hura sortzearen testuinguru historikoa azalduz, egungo egoerara arte izan duen bilakaera modu kritiko-eraikitzailean ulertzeko. Helburua da hurrengo 20 urteetan Lehen Mailako Arretak izan behar duenari buruz gogoeta egitea.
Osasuneko Sailburu Gotzone Sagarduik irekiko du ikastaroa, astelehenean, 9:15ean. Ondoren, hogei bat hitzaldi eta mahai-inguru izango dira, esparru horretan ibilbide profesionala egin duten Osakidetzako profesionalen eskutik. Herritar guztiei zuzenduta dago, baina, zehazkiago, osasunaren esparruko profesionalei eta ikasleei.
Ikastaroan zehar Lehen Mailako Arretaren eta Osakidetzaren sorrera eta lehen taldeak aztertuko dira, maila horren oinarri diren hiru zutabeetako ordezkarien eskutik: administrazioa, erizaintza eta medikuntza. Gaurko egunetara iritsiz, “argi eta itzaletan” sakonduko da, ospitale-esparruarekiko, kudeaketa-esparruarekiko edo arreta-eredu berriekiko integrazioa azpimarratuz. Etorkizunari begira, bertaratuek honako hauek ezagutzeko aukera izango dute: pertsonen arretaren inguruko teknologia berrien xehetasunak (Osasun Karpeta, Aurretiko hitzordua web bidez…); osasun-arazoak sustatu eta jorratzeari buruzko atal pedagogikoa (Osasun Eskola), herritarren ahalduntzea (Paziente-Bizia), zerbitzu-zorro berria edo Lehen Mailako Arretan sartzen ari diren profil berriak (Fisioterapia, farmazia…), besteak beste.
Ikastaro honek esperientzia arrakastatsuak ere azalduko ditu, ezagutarazteko eta beste osasun-sistema batzuekin partekatzeko. Azkenik, Osakidetzako Zuzendari Nagusiak itxiko ditu ikastaroak, bi egunetan egindako ekarpenak jasoz.
Legebiltzarreko Osasun Batzordea
Osakidetzako Zuzendari Nagusi Rosa Perezek eta Lehen Mailako Arretako Zuzendariorde Susana Martinek gaur agerraldia egin dute Legebiltzarreko Osasun Batzordean. Biek egoeraren azterketa egin dute, baita Sailak eta Osakidetzak azken urteetan Lehen Mailako Arretan ezarritako indartze-neurrien azterketa ere. Uda Ikastarora joateko gonbita egin diete batzordeko kideei, Lehen Mailako Arretaren etorkizunari buruz hausnartzen jarraitzeko.