BIND 4.0 eta Startup Village gunea: edizio handia prestatzen ari da BeDIGITAL, parte hartze eta eduki gehiagorekin

0

BeDIGITAL azoka handia ari da prestatzen 2022rako. Parte-hartzerik handieneko edizioa izango da, orain arte ehun erakusketarik baino gehiagok baieztatu baitute etorriko direla. Halaber, ekitaldiak eduki gehiago izango du, eta teknologia digital berriekin lotuko du industria. 

BIND 4.0 azeleratzailearekin lortutako elkarlanerako akordioa izango du ekitaldiak. Hala, plataforma horretako enpresek erakusketa eremu berritzaile honetan parte hartuko dute aurten. Ia 30 startupek baieztatu dute orain arte Startup Village eremuan izango direla. Fabrikazio Aurreratuko teknologien arloko startupak izango dira, baina baita erabiltzaileen sektoreekin lotuta ere, hala nola Energia, Aeronautika edota Automobilgintzarekin.

Halaber, laugarren edizio honetako alderdi nabarmenen artean, aipatzekoa da GAIA Klusterrarekin (Euskadiko Jakintza eta Teknologia Industrien Elkartea) egingo den elkarlana. Akordio honek finkatu egin du azken urteetan GAIAren eta BECen artean izandako harremana, eta konpromiso sendoa ezarri du datozen edizioetarako. Azoka osatzen duten arloei haren know how-a eskaintzen jarraituko du klusterrak. Erakusketa eremuan parte hartuko du, eta Digital Talks elkarrizketetako Adituen Batzordean ere ordezkaritza izango du.

BeDIGITALek, batetik, erakusketa eremua eta produktuak eta zerbitzuak aurkezteko eremua izango du. Eta, bestetik, kongresuak egiteko eta networkingerako eremua. Arlo hauen bidez lotuko ditu bi horiek: Startup Village, erakusketa eremua eta Innovation Workshops.

Digital Talk direlakoak aukera ezin hobea izango dira industriari aplikatzen zaion eraldaketaren arloan azken 4.0 teknologiak ezagutzeko, eta eduki bereziki interesgarria izango da ekipo industrialak erabiltzen dituzten enpresentzat eta ekoizpen-prozesuak hobetu eta azkartu nahi dituztenentzat. Nazioarteko puntako enpresetako ordezkariek digitalizazioaren bilakaerari, ezarpenari eta erronka handiei buruz hitz egingo dute, haien esperientziatik abiatuta, eta lehen pertsonan azalduko dituzte arrakasta-kasuak. Saioetan hainbat gai landuko dituzte, hala nola adimen artifiziala, eraldaketa digitala edo zibersegurtasun industriala, baita makina-erreminta arloko berrikuntza ere.

Halaber, BeDIGITAL azokak Innovation Workshops-ak eskainiko ditu, 70 aurkezpen baino gehiagorekin. Espazio horretan, erakusketariek eta babesleek haien proposamen teknikoak eta berrikuntza-proposamenak erakutsiko dituzte azokak irauten duen bost egunetan zehar, Speaker’s Corner eremuko aurkezpen laburren bidez.

BeDIGITAL azokaren laugarren edizioa, aurten, BIEMH-Makina-Erremintaren Nazioarteko Biurtekoarekin batera egingo da, ekainaren 13tik 17ra. Gainera, espazio berean, Addit3D-Fabrikazio Aditiboari eta 3Dri buruzko Nazioarteko Azoka, IMIC-Industrial Maintenance Innovation Conference kongresua eta WORKinn-Talent Hub foroa egingo dituzte.

BeDIGITAL AFM-Advanced Manufacturing Technologies Cluster eta Bilbao Exhibition Centrek antolatzen dute eta GAIAren eta Eusko Jaurlaritza – SPRI Taldearen laguntza du. Gainera, aurten, nabarmentzekoa da dagozkien merkatuetan liderrak diren enpresen laguntza. Partner Instituzional gisa, Bizkaia-Beaz izango da bertan. Eta, Urrezko Babesle gisa, Logitek-Wonderware, Ekon, Lantek eta Weroi enpresek parte hartuko dute.