SORGUNE sorkuntza lantegien jarduna bultzatzera bideratutako dirulaguntzak eskatzeko epea bihar hasiko da

0

Eusko Jaurlaritzak 2022. urtean kultura sorkuntza artistikoa babesten eta sustatzen duten kulturagune independenteei zuzendutako dirulaguntzak emateko deialdia (SORGUNE) bihar hasiko da  eta interesa dutenek hilabeteko epea izango dute beraien eskaerak aurkezteko. Kultura eta Hizkuntza Politika sailak guztira 560.000 euro bideratuko ditu deialdi honetara. Asmoa sorkuntza artistikoan espezializatutako zentroak sustatzea eta berrikuntza, diziplinartekotasuna eta alde anitzeko elkarrizketa oinarri dituen sormen eta ekoizpen eremu bat bultzatzea da, beti ere, norbanakoaren eta kolektiboaren sormena, trebetasunak eta talentua, eta ideia eta potentzialtasunen transmisioa berrikuntza inguruetan abiapuntutzat hartuta.

Dirulaguntza jasoko duten proiektuak kultura-sektoreren bati edo batzuei lotuak egon beharko dira: ikusizko arteak, zinea eta ikus-entzunezkoak, arte eszenikoak, literatura, musika eta bertsolaritza.

Diruz lagunduko diren proiektuak Euskal Autonomia Erkidegoan garatu beharko dira 2022ko urtarrilaren 1etik 2023ko azaroaren 30era bitartean, hau da, aurten hasitakoak izan behar dira. Proiektu bakoitzak gehienez 120.000 euroko laguntza jasoko du, beti ere, proiektuaren aurrekontuaren %70 gainditzen ez badu.

2021eko deialdian honako 6 proiektuek jaso zuten diru-laguntza: Zirkozaurre Haztegia, Gatzipeko kultur elkartearen Bulegoa, Wikitoki elkarsorkuntzarako laborategia, Fab Lab Bilbao, Sorgune 2021: Astra Eutsi ederrenari! eta Okela kultur elkartearen Artisten meeting pointa.