Sexu-jazarpeneko eta sexuan oinarritutako jazarpeneko kasuak gertatzen direnean jarduteko prozedura-protokoloa

0

Eusko Jaurlaritzak 2021eko uztailaren 9ko agindua argitaratu zuen iazko irailaren 1ean sexu-jazarpeneko eta sexuan oinarritutako jazarpeneko kasuak gertatzen direnerako Euskal Autonomia-Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren organismo autonomoen eremuan jarduteko prozedura-protokoloa arautzeko.

Agindua Berdintasun Batzorde Iraunkorraren baitan landu da, berdintasunerako eta laneko arriskuen prebentziorako araudietatik eratorritako aginduei jarraiki.

Zer da sexu-jazarpena?

4.1. art.: Izaera sexualeko portaera oro, hitzezkoa zein fisikoa, zeinaren asmoa baita larderiazkoa, apalgarria edo iraingarria den ingurunea sortzea, horren bidez pertsonaren duintasunari erasotzeko, edozein dela ere portaeraren iraupena edo aldizkakotasuna. Adibidez: norbaiten gorputza adi-adi edo lizunki begiratzea; gehiegi hurbiltzea, mugimendua oztopatzea, zokoratzea edo, apropos, norbaitekin bakarrik geratzen saiatzea, harekin kontaktu fisikoa izateko asmoz; norbaiten itxura fisikoari, irudiari, sexu-orientazioari eta genero-indentitateari edo –adierazpenari buruzko iruzkinak edo balorazioak egitea etengabe; norberaren trebetasun edo gaitasun sexualei buruz hitz egitea; izaera sexualeko txisteak kontatzea edo konplimenduak esatea, eta abar.

Zer da sexuan oinarritutako jazarpena?

4.2. art. Pertsona baten sexuaren arabera egindako portaera oro, zeinaren asmoa edo ondorioa baita pertsonaren duintasunari erasotzea eta larderiazkoa, apalgarria edo iraingarria den ingurunea sortzea, edozein dela ere portaeraren iraupena edo aldizkakotasuna. Adibidez: Hierarkian gorago dauden emakumeen aginduei edo jarraibideei kasurik ez egitea, haien sexua dela eta; tratu kaltegarria ematea norbaiti haurdunaldiarengatik, amatasunarengatik, aiatatasunarengatik edo senideen beste zaintza batzuk egiteagatik; deskalifikazio publiko zein pribatuak egitea norbaiti buruz edo haren lanari, gaitasunei, konpetentzia teknikoei, trebetasunei edo abileziei buruz, haren sexua dela eta; ekarpenak iradokizunak edo ekintzak kontuan ez hartzea, egilearen sexuaren arabera; umore sexista erabiltzea eta abar.

Sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena sufritzen duten Administrazio Orokorreko edo organismo autonomoetako langileek edo administrazio honen eremuan mota horretako jazarpen jokabideak detektatzen dituen edonork (10. art.), Aholkularitza Konfidentzialeko kideren batekin jarri daiteke harremanetan. IVAPen kasuan ondorengoekin (kontsultarako egoera IVAPen lan-eremuan gertatu edo beste departamentu batean):

  • IVAPeko Berdintasun teknikaria: Leire Goiburu López 117695 (l-lopezgoiburu@ivap.eus)
  • Gobernantzako Berdintasun teknikari batekin:
  • Gobernantzako prebentzio-zerbitzuko teknikariarekin: Ines Álvarez Vázquez 118612  (ines-alvarez@euskadi.eus)

Agindu osoa hemen kontsultatu dezakezu.

Edozein zalantza izanez gero, lasaitasun osoz galdetu erosoen zaizun bidetik.