Lehendakaria buru duen Emakundeko Zuzendaritza kontseiluak berdintasunerako lege berriaren hedapen koordinatua eta Herri-ituna lehenetsi ditu

0

Iñigo Urkullu lehendakaria Emakundeko Zuzendaritza Kontseiluko buru izan da gaur arratsaldean, Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuarekin eta Izaskun Landaida Institutuko zuzendariarekin batera. Bileran, lehendakariak Euskadin berdintasunaren aurrerapena bizkortzea ahalbidetuko duten bi tresna nabarmendu ditu, hala nola, Berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabeko bizitzaren aldeko Legea eta honen hedapena, eta, bestetik, Berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko bizitzetarako Herri Ituna, ekainaren 15ean Azkuna Zentroan jendaurrean aurkeztuko dena.

Lehendakariak Euskadiko Berdintasun Indizea aipatu du, hobetzen jarraitzen baitu eta 100etik 73,1 puntutan kokatzen baita, “hainbat eremutan berdintasunean egindako lanaren ondorioz”, eta nabarmendu du, aurrera egin arren, oraindik bidea geratzen dela benetako berdintasuna lortzeko. Bere ustez, berdintasunerako lege berriak berdintasun-politikak indartuko ditu eta Euskadin berdintasunerako beste mugarri bat izango da, 2005eko legea onartu zenean bezala. Bileran, legea hedatzeko ibilbide-orriaren berri eman da, erakunde guztien artean koordinatuta.

Eusko Jaurlaritzak, Emakunderen bitartez, Euskadin berdintasuna bizkortzeko bultzatzen duen beste tresnetako bat Berdintasunaren eta emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko bizitzen aldeko Herri Ituna da. Ekainaren 15ean aurkeztuko da jendaurrean, lehendakaria bera bertan dela. Urkulluk adierazi du legeak beharrezkoak direla, “baina ez nahikoak emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunaren arazo estruktural unibertsala gainditzeko”, eta gizarte honetako eragile guztien sentsibilizazioarekin eta konpromisoarekin zerikusia duten beste tresna batzuen beharraz hitz egin du, hala nola Herri Ituna bera.

Bileran, gainera, EAEko emakumeen eta gizonen egoerari buruzko zifrak, 2021 txostena onartu da. Hona hemen txostenetik ateratako datu batzuk:

Demografia: EAEan 2.199.711 pertsona bizi dira, horietatik %51,5a emakumezkoak dira.

Lan-merkatua: Emakumezkoen okupazio tasa gizonezkoena baino 8,5 puntu txikiagoa da;  Lanaldi partziala duten langileetatik, ia %80a emakumezkoak dira.; Emakumezkoak zerbitzuen sektorean kontzentraturik jarraitzen duten (emakumezkoaen %88ak egiten dute lan zerbitzuen sektorean) eta presentzia txikiarekin lehen sektorean, industrian eta, bereziki, eraikuntzan.

Zaintza lanak: Seme-alabak zaintzeko lanuztea eskatzen duten 10 langileetatik 7 emakumezkoak dira emakumeek ugalketa-lanak bere gain hartzen jarraitzen dutenaren adierazle.

Baliabide ekonomikoak: Emakumeek gizonek baino soldata gutxiago irabazten dute urtero-urtero, bataz beste, 6.300 euro; Pentsioetan arrakala are nabarmenagoa da, gainera emakumezkoak dira gehiengoa alargunentzako prestazioetan (%93) eta gutxiengoa jubilazioetan (%38) eta ezgaitasun permanenteetan (%33).

Emakumeen kontrako indarkeria: Generoan oinarritutako biolentzia pairatzen duten emakumeen artetik %72a beren bikotekide edota bikotekideohiaren partetik da eta %21a familiako beste kide baten partetik; Adin, jatorri eta egoera ekonomiko eta sozial guztietako emakumeek jasotzen dute indarkeria.

Era berean, beste dokumentu batzuk onartu dira, hala nola botere publikoen betetze-maila, Emakunderen 2021eko jarduera-memoria eta 2022-2024 berdintasunerako plana.