EHUko udako ikastaroek mugikortasun jasangarri eta seguruari buruzko eztabaida bat ostatatuko dute hilabete honetan

0

Euskal Herriko Unibertsitatearen Udako Ikastaroek mugikortasun berri, konektatu, jasangarri, kooperatibo eta seguruari buruzko jardunaldi bat ostatatuko dute ekainaren 22an Donostian. Euskadiko Mugikortasun eta Logistika Klusterrak antolatutako ekitaldian errepaso bat emango zaie mugikortasun berriaren egoerari eta perspektibei, eta  aztergai hartuko dira teknologia, erronkak, aukerak eta epe labur nahiz ertaineko aurreikuspenak, bai ikuspuntu teknologikotik eta bai merkatuaren ikuspuntutik.

Ikastaroa Miramar Jauregian egingo da, 9:00etatik 14:15etara bitartean, eta izen-ematea zabalik dago jadanik. Presentzialki edo telematikoki parte hartu ahal izango da ekitaldian.

Digitalizazioak eta aldaketa sozialek mugikortasun-modu berriak bultzatu dituzte. Mugikortasunean parte hartzen duten eragileen datuak (erabiltzaileenak barne) gero eta eskuragarriago daude, eta horri teknologia gehituz gero, aukera izango dugu aurrera egiteko automatizaziorantz,  ibilgailu  autonomorantz eta baita ere kudeaketa adimentsurantz, pixkanaka zerbitzu berriak ere agertuko direlarik.

Aurrerapen horiek, ingurumenarekiko kontzientziazio gero eta handiagoak eta ekonomia kolaboratiboetaranzko gizarte-aldaketak mugikortasunaren kontzeptu berri bat azaleratu dute, alegia, mugikortasuna zerbitzu gisa, zeinaren bidez garraio-baliabideen erabilpen partekatu eta gardena sustatzen baita, hasi interoperagarritasunetik eta mikromugikortasuneraino.

Horrekin batera, klima-alarma dela medio, premiazkoa da garraio-eredu garbiak lehenbailehen erabiltzen hastea eta energia-iturri alternatiboak sustatzea.