Jokin Bildarratzek SpainSkills txapelketetan parte hartu duten Lanbide Heziketako ikasleak hartu ditu

0

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak, Lanbide Heziketako sailburuorde Jorge Arévalorekin batera, aurtengo ikasturtean Lanbide Heziketako SpainSkills 2021-2022 txapelketan parte hartu duten euskal ikasleak hartu ditu gaur goizean, Tknikaren (Euskadiko Lanbide Heziketaren Ikerketa Aplikatuko Zentroa) egoitzan, Errenterian.

2021-2022 ikasturtean, SpainSkills txapelketan parte hartu duen Euskadiko Lanbide Heziketako ordezkaritza 63 pertsonak osatu dute: joan den urrian Irungo Ficoba azokan egindako EuskoSkills 2021-2022 txapelketako irabazle izan ziren 22 ikasleak eta beste 41 pertsona (tutoreak, koordinatzaileak eta ordezkariak).

EuskoSkills txapelketan dominak lortu ondoren, gogor egin dute lan lau hilabete baino gehiagotan egin beharreko probak prestatzeko. Ikasle eta irakasleak joan den martxoan abiatu ziren Madrilera, ilusioz beterik. Eta oso emaitza onekin itzuli ziren bidaiatik, guztira 8 domina lortu baitzituzten: zehazki, urrezko 3 domina, zilarrezko beste 3 eta brontzezko 2 lortu zituzten. Lanbide Heziketako ondorengo ikastetxeetako ikasleek eskuratu zituzten dominak, ondorengo modalitateetan:

Urrezko 3 domina

CAD Diseinu Mekanikoa – La Salle Berrozpe, Andoain.

Sareko sistemen administrazioa – Tolosaldea LHII; Tolosa

3D jokoen diseinua eta animazioak – Harrobia Ikastola; Bilbo

Zilarrezko 3 domina

Elektronika – Don Bosco LHII, Errenteria.

Industria-kontrola – Egibide, Vitoria-Gasteiz

Ile-apainketa – Monte Albertia LHII, Zarautz.

Brontzezko 2 domina

Arotzeria – Easo Politeknikoa LHII, Donostia

Estetika – Monte Albertia LHII, Zarautz

Urrezko domina lortu duten ikasleek udazkenean egingo den Europako txapelketan (WorldSkillsEurope) parte hartzeko txartela ere lortu dute.

Bildarratz sailburuarekin bildu ondoren, ikasleek Tknikako (Euskadiko Lanbide Heziketaren Ikerketa Aplikatuko Zentroa) instalazioak bisitatu dituzte.

Euskadiko Lanbide Heziketaren izen ona

Tknikan egindako topaketan, eta egindako lan bikainagatik ikasleei zorionak eman ondoren, Bildarratz sailburuak euskal Lanbide Heziketak nazioartean duen izen ona hartu du hizpide, eta adierazi du ospe horren oinarrietako bat euskal Lanbide Heziketako ikasleak direla, oso maila ona erakusten baitute doazen lekura doazela.

Sailburuak adierazi duenez, lortutako dominak alde batera utzita, ekimen horien garrantzia gazteek txapelketa hauek prestatzeko egiten duten ahaleginean eta eskaintzen dioten dedikazioan datza. Nolanahi ere, nabarmendu du, ikasten ari diren lanbideari hertsiki lotuta dauden probak direnez gero, eragin zuzena dutela ikasleen lanbide-prestaketan.

Era berean, Bildarratzek irakasleen lana eta inplikazioa ere azpimarratu ditu. Izan ere, ikasleekin buru-belarri aritzen dira probetan, izan EuskoSkills txapelketetan, Estatukoetan zein nazioartekoetan. “Ikasleak prestatzeaz gain, motibatu egiten dituzue, eta haiengandik oso hurbil zaudete beti”, adierazi du. Halaber, ikasleentzat erreferente direla gogorarazi die.

EuskoSkills txapelketatik Euroskills txapelketara

EuskoSkills txapelketak amaitu zirenetik, ikasleek entrenamendu indibidualizatuko plan bat burutu zuten lau hilabetean, tutoreekin batera eta modalitate bakoitzeko koordinatzaileen babesarekin. Horretarako, txapelketa-modalitate bakoitzaren deskribapen teknikoetan oinarritu ziren. Deskribapen horiek, aldi berean, ikasleek txapelketari lotutako heziketa-zikloan garatu beharreko trebetasunek ezartzen dituzte.

Euskadiko Lanbide Heziketaren selekzioak txapelketako 17 modalitatetan eta erakustaldiko bi modalitatetan parte hartu zuen. Erakustaldi moduko bi modalitateetan ez zegoen domina lortzeko lehiarik, baina euskal ikasleek Fabrikazio Aurreratuari lotutako teknologia berrietan maila handia dutela erakutsi zuten.

Ikasleek zein irakasleek oso balorazio ona egin dute SpainSkills txapelketan izan duten parte-hartzearen inguruan. Lortutako domina kopuru handia alde batera utzita, ikasleek aparteko prestakuntza jaso dute beren ikastetxeko irakasleen tutoretzapean, eta, horri esker, beren prestakuntzan landutako trebetasunak hobetu ahal izan dituzte. Bestalde, eguneroko erosotasun-eremutik kanpo lan egiten eta moldatzen erakutsi die txapelketak, bai eta beste autonomia-erkidego batzuetako ikasleekin esperientziak partekatzen ere.