Euskal ikasketen hiru katedra berri jarriko ditu Etxepare Euskal Institutuak abian 2022-2023 ikasturtean

0

Nazioarteko hiru unibertsitatetan katedra berriak jarriko ditu abian Etxepare Euskal Institutuak datorren ikasturtean. Elbira Zipitria katedra McGill University-n, Quebecen, Alan R. King katedra University of Wales Trinity Saint David-en, Galesen, eta Frank Bidart katedra California State University Bakersfield-en, AEBetan. Sortu berri diren hiru katedra hauek Etxepare Euskal Institutuak lantzen dituen ildoetako batzuk islatzen dituzte: nazioarteko kultur konexioen sorrera, hizkuntzaren inguruko ikerketa sustatzea eta diasporaren hauspotzea, hain zuzen.

Horien berri emateko elkartu dira Donostiako Tabakaleran Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburua; Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria; Garbiñe Iztueta Etxepare Euskal Institutuko Euskara Sustatu eta Hedatzeko zuzendaria; eta Elbira Zipitriaren lankide eta lagun izandako Mari Karmen Mitxelena zein Alan R. King-en hainbat senitarteko.

Katedra berriok Institutuaren lan esparru desberdinekin lerrokatuta daudela uste du Larrazak, eta etorkizunera begira, ekarpen garrantzitsua egin dezaketela ikerketaren esparru desberdinetara. Batetik, McGill Unibertsitatean zabalduko den Elbira Zipitria katedrak, 2018. urtean Montrealen sinatutako hitzarmenean du jatorria. #SaisonQuebecPaysBasque programazio bereziaren testuinguruan zabalduko da, irailean. “Orduan, euskal ikasketetan berrikuntza sozialean sakontzeko konpromisoa hartu genuen, eta orain jarriko dugu abian programa akademikoa”.

Bestetik, Larrazak nabarmendu du euskal soziolinguistika nazioarte mailako azterketa akademikorako gai gisa lehenengoz landuko duela Alan R. King katedrak Galesko Trinity Saint David Unibertsitatean. Hizkuntza gutxituen defendatzaile sutsua zen eta 2003an euskaltzain urgazle bilakatu zen Alan Roy King linguista britainiarraren izena hartuko du urrian abiatuko den katedrak, lankidetza akademikoaren bitartez Gales eta Euskal Herriko hizkuntzen eta kulturen elkar ezagutzan sakontzea helburu duena.

Hirugarrenik, eta bertako euskal komunitateak 2019. urtean egindako proposamenari erantzunez, euskal kultura, artea eta berrikuntza sustatuko dituen katedra sortu da California State University Bakersfield unibertsitaterekin elkarlanean. Bertan jaio zen euskal jatorriko Frank Bidart idazle ezagunaren izenenean, 2022ko azaroan martxan hasiko da programa.

Horrelako hitzarmenei esker nazioarteko akademian euskal ikasketak lortzen ari diren ikusgarritasuna azpimarratu du Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak,  katedra hauei esker euskal kultura ikusgai egongo baita Quebecen, Kalifornian eta Galesen, “gure hizkuntza eta kultura esparru akademikora eramanez eta bertatik ere zabalduz. Era berean, euskal eta nazioarteko beste ikertzaile zein unibertsitateekin harremana eta ezagutza estutzeko balioko digute”.

Hiru katedra berriok zerrendara gehituta, hamabi izango dira, guztira, Etxepare Euskal Institutuaren nazioarteko euskara eta euskal kulturako katedrak. Euskal ikasketei buruzko irakaskuntza espezializatua eta ikerketa akademikoak sustatzeko tresnak dira katedrak, eta irakasle espezializatuek edo artista eta sortzaileek unibertsitate batean egindako egonaldien bitartez gauzatzen dira.

Alan R. King katedra

Galesen, University of Wales Trinity Saint David unibertsitatean sustatu du Etxepare Euskal Institutuak euskal ikasketen katedra berri hau. Aberystwyth hirian egoitza duen Galesaren eta Zeltikoaren Ikasketa Aurreratuko Zentroan (CAWCS ingelesezko siglatan) egongo da kokatuta eta euskal eta galesko soziolinguistika, hizkuntza plangintza eta hizkuntza politikaren inguruko ikerketa eta elkarlan akademikoa sustatzea du helburu, baita euskal eta galestar kultura eta hizkuntzen arteko elkar ezagutza indartzea ere.

Urtero, deialdi ireki bidez hautatutako irakasle edo ikertzaile gonbidatu batek sei asteko egonaldia egingo du Galesko Unibertsitateko CAWCS zentroan. Egonaldi horren baitan, ikerketa mintegia burutu eta hitzaldi ireki bat eskainiko du hizkuntza politika eta plangintzaren inguruan, unibertsitateko graduondoko programetako ikasleei  hainbat saio emango dizkie eta hizkuntzalariei zuzendutako euskal gramatika edo hizkuntza mintegi bat ere emango du.

Alan Roy King Lytham St Annes-en (Ingalaterra, Erresuma Batua) jaio zen 1955an. Hizkuntzalaritzan doktorea (Londresko Unibertsitatea), euskara, yiddisha, galesa eta nahuatlera hitz egiten zituen, besteak beste, eta hizkuntza gutxituen alde egin zuen lan munduko hainbat tokitan. Aberystwith-en euskara ikastaroak eman zituen, eta Gales eta Euskal Herria konektatzeagatik da ezaguna bertan.

Hizkuntza gutxituen eta hizkuntza aniztasunaren alde egitea bere hizkuntza-misioaren berezko zati bat zen: hizkuntzak ikasteko errazak izatea eragiteko gaitasuna zuen, eta hiztunen eta hiztun potentzialen kontzientziazioan eta trebetasunetan ere inbertitzen zuen, aldi berean, haien hizkuntza ezagutzeaz gain, hura nola berreskuratu eta etorkizunerako nola garatu jakin zezaten.

Frank Bidart katedra

Euskal kultura, artea eta berrikuntzaren ikerketarako edota sorkuntza proiekturako trukerako espazioak garatzea helburu sortu da Frank Bidart katedra CSUB California State University Baskerfield-eko Euskal Ikasketen Institutuan. Kulturari eta arteari lotutako ikerketa proiektuak bultzatzea edo sorkuntza proiektuen garapena ere bultzatzea izango dituzte xede bertan.

Arlo akademikoa eta/edo artistikoa landuko dira, beraz. Horixe da, hain zuzen, katedra honen berezitasunetako bat, CSUB unibertsitatean egonaldia bai ikerketako eta baita sorkuntzako proiektua garatzeko ere izango baita.

Frank Bidart Katedrako egonaldia egiteko aditua edo sortzailea deialdi ireki bidez hautatuko da, eta aukeratuak CSUB unibertsitatean ikerketarako edo sorkuntzarako hilabeteko egonaldia egingo du, Euskal Ikasketen Institutuan. Egonaldi horretan, Estatu Batuetako mendebaldeko akademia edo gizartearekin elkarlana sustatuko du eta hainbat hitzaldi eta ekintza antolatuko ditu euskal kultura artea eta berrikuntza ikusgai egin eta hedatzeko.

Ipar Ameriketako idazle modernoen artean esanguratsuenetakoa dugu Frank Bidart (1939, Bakersfield) poeta, euskal jatorriko familian jaioa. University of California Riverside eta Harvard University-n ikasia, Pulitzer Saria eskuratu zuen olerkigintzan, 2018an,  ‘Half-light: Collected poems (1965-2016)’ antologia poetikoagatik. Askotariko gaiak jorratu ditu argitaratutako liburuetan: Jainkoaren bilaketa eta maitasunarena, norbanako kontraesankorren bizitzak, bere baitako gatazkak, XX. mendeko queer pertsonen bizipenak… Cambridge-en, Massachusetts-en bizi da egun.

Elbira Zipitria katedra

Etxepare Euskal Institutuak eta Montrealgo McGill Universityk adostutako hitzarmenaren bidez, euskal ikasketen eta euskararen inguruko ezagutza hedatu eta gai honen inguruko ikerketa sustatu nahi da unibertsitate esparruan eta Quebecen. Euskal ikasketen irakaskuntza kultur berrikuntzari lotuta, irakaskuntzan eta gizartean euskararen sustapena lantzera egongo da bideratuta Elbira Zipitria katedra, kultur mugimendu berritzaileak erdigunean jarrita.

Elbira Zipitria pedagogo, ikastolen sortzaile eta irakasle berritzailearen omenezko katedra hau irakasle baten egonaldiarekin gauzatuko da. Gutxienez bi hitzaldi emango ditu eta hainbat saio irakaskuntza eta ikerketa mintegietan txertatuta.

Urteroko egitaraua bideratzeko McGill Unibertsitateko Letren Fakultatea eta Ingeniaritza Fakultateaz gain, CRIEM (Center for Interdisciplinary Research on Montreal) ikerketa zentroa ere arituko da Etxepare Euskal Institutuarekin lankidetzan. Irakaslearen hautaketa Unibertsitateak, CRIEM-ek eta Etxepare Euskal Institutuak osatutako hautapen batzorde baten bidez egingo da.

Elbira Zipitria Irastortza (Zumaia, 1906-Donostia, 1982) pedagogoa, didaktikaren berritzaile handia, ikastolen sortzailea, eta andereño iraultzailea izan zen. Euskararen irakaskuntzan egindako urrats ezagunenetakoa da aditzak erakusteko ‘Nor-nori-nork’ sistema asmatu zuela. Euskarazko irakaskuntza aktibitate politiko-kulturalarekin uztartu zuen, eta 1936ko Gerra Zibilak erbesteratzera behartu zuen. Donostiako Orixe ikastola sortu zuen lagunetako bat ere bada.