Tapia: «BASQUEVOLT apustu paregabea da energia biltegiratzeko teknologia eta berrikuntza garatzeko»

0

Garapen Ekonomiko, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua BASQUEVOLTen Inbertsiogile Partzuergoaren aurkezpen-ekitaldiaren buru izan da gaur. Konpainiak aitzindari izan nahi du Europan egoera solidoko bateriak fabrikatzen, eta 2030erako Europako merkatuaren % 10 bereganatu nahi du. Iberdrola, CIE Automotive, Enagás, EIT InnoEnergy eta CIC EnergiGUNE enpresek eta Eusko Jaurlaritzak gaur egin dute bat BASQUEVOLT Partzuergoarekin.

Sailburuak esan du BASQUEVOLT apustu paregabea dela, “ gure zientzialarien eta ingeniarien talentuari eta berrikuntza-gaitasunari esker, Euskadin garatzen duelako baterien belaunaldi berria, eta teknologia berritzaile hori gure herrialdean gertatuko dela bermatzen duelako. Bateria-fabrika baten helmuga izatetik baterien teknologiako herrialde berritzaileenetako bat izatera igaroko gara. Hori da proiektu honen eta beste batzuen arteko funtsezko desberdintasuna.”

Partzuergoaren aurkezpena tentsio geopolitikoek Europa eta Euskadiko alor sozioekonomikoan eragin zuzena duten une korapilotsu batean iritsi da. Hori dela eta, Tapiak nabarmendu du beharrezkoa dela “mendekotasun energetikoaren aurrean jardutea hainbat alderditatik, hala nola sorkuntza, eraginkortasuna eta biltegiratzea areagotzea. Horregatik hartzen du garrantzi berezia ekimen honek. BASQUEVOLT proiektua mendekotasuna murrizteko ekimena izango da.”

Proiektu honekin Euskadi erreferentea izango da Europa mailan. “Agerikoa da bateriak Europako trantsizio garbiaren eta digitalaren zati estrategikoa direla, eta automobilgintzaren sektorearen lehiakortasunerako funtsezko teknologia. Kontua da BASQUEVOLTek automobilgintzarako irtenbide bat eskainiko duela, baina baita beste euskarri batzuetarako ere. Eta hainbat eremutako fabrikatzaileentzako irtenbide bat eskain dezake.”

Egin den lanak eta egingo denak agerian uzten dute gure herrialdean dagoen ekosistemaren indarra, BRTA merkatura bideratutako ikerketaren palanka gisa hartuta, desberdintasuna markatzen duten proiektuetan bazkide industrialen lidergoa izanda, eta Eusko Jaurlaritzarekin lankidetza publiko-pribatua sustatuta. Tokiko talentua sortzeko eta nazioarteko talentua erakartzeko gai den ekosistema, Michel Armand irakaslea, ekimenaren sustatzaileetako bat, esaterako.

Tapiak bere hitzaldia amaitu du BASQUEVOLT European Battery Allianceko kide nabarmena izateko eta Europako merkatuaren % 10eko kuota lortzeko itxaropena agertuz.

Informazio gehiago erantsitako oharrean