Mugikortasun seguruari buruzko saioak antolatu dituzte Barakaldon

0

Usoa Lantegiko okupazio-zentroko erabiltzaileei zuzendutako mugikortasun seguruari buruzko bost saio antolatu ditu Ángel Madrazok zuzentzen duen Barakaldoko Herritarren Segurtasuna eta Babes Zibila arloak.  Desgaitasuna duten 60 bat lagunek hartuko du parte Landabekoko pistan goizez egingo den jardueran.

«Beren bizitzak garatzeko autonomia bai, baina beharrizan bereziak dauzkaten helduez mintzo gara,  gainerako herritarrek bezala arriskuak izan ditzaketenak ibilgailuz, patinetez edo ziklomotorrez dabiltzanean. Saiootan, zaurkortasun horretaz jabe daitezen nahi dugu.  Horrela, arrisku-egoerak saihesteko beharrezko segurtasun-neurriak hartzearen garrantzia uler dezaten lortu nahi dugu» azaldu du Madrazok.

Usoa Lantegiko zuzendari-gerenteak hitza hartu, eta esan du «desgaitasuna dutenen bide-segurtasuna hobetzea Usoan oso kontuan hartzen den helburua dela, eta aprobetxatzeko moduko aukera ezin hobea iruditzen zaigu Herritarren Segurtasun arloak eskaintzen digun mugikortasun segururako sentikortze eta heziketa  tresna hori baliatzea.   Joan-etorriak segurtasun handiagoz egin ahal izateak euren autonomiari mesede egingo dio, eta bizitza kalitate hobea izateko eta erkidegoan integratzeko aukerak  ugarituko «.

Saio bakoitzean, Usoa okupazio-zentroko 15 bat erabiltzailek hartzen du parte. Lehenengo saioa joan den ekainaren 6an, astelehenarekin, izan zen. Gaur, ostirala, hilak 10, izango da bigarrena, eta beste hiru saio egingo dira hilabete honetan.

Azalpen labur bat eman ondoren, prestatzaileak – gaian aditua den udaltzaingo batek – erakustaldi bat egingo du, eta «Dummy» panpinaren istripu-simulatzailearen bidez segurtasun-uhala janzten ez denean zer gertatzen den hauteman ahal izango dute ikasleek.

Ondoren, bi taldetan banatuko dituzte partaideak. Horietako bat ibilgailuak izango dira (bizikletak eta patineteak), eta bestea, berriz, pistan elkarri eragingo dioten oinezkoak. Denbora horretan, ezusteko faktore bat sartuko da, eta ikasleak banan-banan atera eta istripuen simulagailu batera igoko dira. Helburua: segurtasunez gidatzearen eta bidetik egoki zirkulatzearen onurez jabetzea, nork bere burua kontrolatzen eta estresa kudeatzen ikasiz.

Azkenik, pantaila batean aztertuko dira aurreko praktikan gertatu diren kasuak, prestatzaileak ateratako argazkiak erabiliz. Bat-bateko egoerak eztabaidatuko dira, norberaren eta besteen kaltea apaltzeko estrategiak bilatuz.

PROGRAMA ZABALDU BESTE KOLEKTIBO ZAURGARRI BATZUETARA
Madrazok gogoratu duenez, «2019ko amaiera aldetik ari gara segurtasun seguruaren alorrean prestakuntza eta sentikortzea zabaltzen Herritarren Segurtasuna eta Babes Zibila arloan, aztura eta ibilgailu (patineteak, bizikletak, e.a.) berriak erantsiz.  Lehentasunezko jarduera dugu hau; hasiera batean, ikasle barakaldarrei zuzendu genuena, eta orain, zaurgarriak diren kolektiboetara zabaldu duguna». «Lan horren fruitu dira Baraka Bike eta Gorabideren gisako erakundeekin batera prestatu ditugun jardunaldiak, edo orain, Usoarekin batera burutu dugun ekimen hau. Aurki egongo gara beste erakunde barakaldar batekin egingo dugun ekimen bat aurkezteko prest», erantsi du zinegotziak.

Usoa okupazio-zentroak desgaitasuna duten pertsonei ematen die arreta, okupazio-jarduerak gara ditzaten.  Daukaten egoeragatik edo/eta eragozpen mailagatik enpresa arrunt batera edo enplegu zentro berezi batera sartzerik ez dutenei zuzendua dago, eta aldi berean, bada lan-merkatu arruntera sartzea daukatenentzako ataria ere.