Gobernu Kontseiluak administrazio publikoetan lan egiten duten pertsonen prestakuntza finantzatzeko partidak onartu ditu

0
Gobernu Kontseiluak baimena eman du Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen (IVAP) hitzarmenak berritzeko, Osakidetzako, Hezkuntzako, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako (Arkaute) langile publikoak prestatzeko. Helburua da lau erakunde horietan lan egiten duten langile publikoak prestatzeko planak eta programak berritzea, bai eta horien finantzaketa arautzea ere.

IVAPen eta Osakidetzaren arteko hitzarmenak arautzen du 2022an langileak prestatzeko egiten diren plan edo programen bidez enplegurako prestakuntzaren arloan finantzatzea. Horretarako, zuzkidura ekonomikoak gehienez 452.061 euroko zenbatekoa izango du.

Hezkuntza Sailarekin sinatutako hitzarmena irakasleen prestaketari zuzenduta  dago eta gehienez 441.957 euroko zuzkidura izango du.

Hitzarmena Euskal Herriko Unibertsitatearekin (EHU), Administrazio eta zerbitzuetako langileak prestatzeko da, eta 37.890 euroko gehieneko zuzkidura izango du.

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiarekin (Arkaute) sinatutako hitzarmenak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia erakunde autonomoak 2022ko ekitaldian enplegatu publikoentzat egindako plan edo programen finantzaketa arautzen du, enplegurako prestakuntzaren arloan, prestakuntza hori Ikastegiaren eskumenekoa denean. Horretarako 193.661 euro bideratuko da.

Prestakuntza ekintzak

Berritutako lau hitzarmenak 2022ko abenduaren 31ra arte egongo dira indarrean, eta honako ekintza hauek ere barne hartzen dituzte:

-Prestakuntza edukiak diseinatzea eta/edo lantzea.

-Ikaskuntza sareak ezartzea, aldi baterakoak edo iraunkorrak.

-Irakaskuntza materiala diseinatzea, lantzea eta argitaratzea, prestakuntzan erabilitako edozein euskarritan.

-Aprobetxamenduaren, transferentziaren edo inpaktuaren ebaluazioarekin lotutako azterlanak, erakundeak garatutako prestakuntzari buruzkoak.

Gainera, lau hitzarmenek klausula bat dute emakumeen eta gizonen berdintasunaren  arloko prestakuntza sustatzeko. Horrela, Eusko Jaurlaritzak langile publikoak prestatu nahi ditu berdintasun politikak herritarrei eskaintzen zaizkien  zerbitzu publikoetan  ager daitezen.

IVAP

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen (IVAP) helburuen artean dago Euskadiko administrazio publiko guztietako langileak prestatzea eta euskalduntzea. Zehazki, IVAPeko prestakuntza zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde instituzionalen zerbitzura dauden langileen sarrerako, lanposturako eta lan-ibilbiderako  prestakuntza planak diseinatu, kudeatu eta ebaluatzen ditu.