Gobernu Kontseiluak Iñaki Barredo izendatu du Ekonomiako eta Europako Funtsetako Sailburuorde, eta Juan Alberdi izendatu du Kohesio Politikaren eta Europako Funtsen Zuzendari

0

Gobernu Kontseiluak gaur asteartea Iñaki Barredo Ardanza izendatu du Ekonomiako eta Europako Funtsetako sailburuorde, eta Juan Alberdi Alberdi izendatu du Kohesio Politikaren eta Europako Funtsen zuzendari.

Orain arte Kohesio Politikaren eta Europako Funtsen zuzendari izan den Iñaki Barredok honako funtzio hauek, besteak beste, dituen Sailburuordetza hartu du bere gain: Eusko Jaurlaritzaren epe ertaineko ekonomia-politikarako jarraibideak eta orientabideak prestatzea; euskal sektore publikoaren, administrazio publikoen eta enpresa sektore publikoaren jarduera ekonomiko-finantzarioaren jarraipena eta analisia egitea; euskal ekonomiari buruzko azterlanak, txostenak eta argitalpenak egitea; eta Europako Funtsak bereganatzea eta kudeatzea.

Izendapen horrekin, Iñaki Barredo Ardanzak beste etapa bati emango dio hasiera Eusko Jaurlaritzaren barruan, joan den urteko martxoan Eusko Jaurlaritzan sartu zenetik. Barredo ekonomista da eta espezializatuta dago berrikuntzaren, garapen ekonomiko industrialaren eta ingurumenaren arloko politika publikoen definizioan, diseinuan, ezarpenean eta ebaluazioan.

Bere ibilbide profesionaleko lorpen garrantzitsuenen artean hauek nabarmen daitezke: zientzia, teknologia eta berrikuntzaren arloko euskal politikari egindako ekarpena; Euskadiko ingurumenaren arloko esparru-planen prestaketan eta jarraipenean emandako laguntza; eta hainbat hiritako plan estrategikoen prestaketan emandako laguntza. Era berean, ekonomia-sustapenerako eta enpresa-berrikuntzarako programa publikoak aztertzeko eta ebaluatzeko irizpen ugari eman ditu zenbait erakunde publikorentzat.

EHUko Ekonomiako lizentziaduna da, Ekonomia Kuantitatiboa espezialitatean; era berean, Ekonomia Publikoan diplomaduna da eta Pennsylvaniako Unibertsitatean masterra du.

Bestalde, Juan Alberdi Alberdik beste etapa profesional bati ekingo dio sektore publikoan, orain arteko lan-bizitza bankuko profesional gisa garatu ondoren. Izatez, zuzendari izendatu arte, 2012tik Caixank SAko bulegoko zuzendari gisa jardun du (premier bankuko kudeatzaile), beste banku-erakunde batzuetatik pasa ostean.

Juan Alberdi EHUko Enpresa eta Ekonomia Zientzietako lizentziaduna da (Eskualdeko eta Hiriko Ekonomiako espezialitatea) eta zenbait graduondoko ikasketa eta espezializazio-ikastaro egin ditu; horrez gain, eskarmentu handia du plangintza eta akonpainamendu ekonomiko-finantzarioko prozesuetan eta taldeen kudeaketan.