Eusko Jaurlaritzak 2023ko aurrekontuaren gidalerroak onartu ditu, susperraldi ekonomikoa finkatzeko eta etorkizuneko erronkei inbertsioaren bidez aurre egiteko

0

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan, Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuarekin eta Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuarekin batera.

Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak Eusko Jaurlaritzak gaur onartu dituen 2023ko aurrekontuaren diseinua gidatuko duten aurrekontu-gidalerroak aurkeztu ditu, ekonomiaren susperraldia finkatzeko eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko baliagarriak izango direnak. Horrela, Azpiazu sailburuak adierazi duenez, sektore publikoak inbertsioaren eta epe luzeko hazkundearen eragile izaten jarraituko du, pertsonei begira dagoen Euskadi ekologikoagoa eta digitalagoa eraikitzeko, betiere genero-ikuspegiaren zeharkako ardatzarekin.

2023ko aurrekontuek erantzungo diote osasun-pandemiak eragindako krisiaren berreskurapenean sakontzeko helburuari, baita Errusiak Ukraina inbaditzearen ondorioak arintzeko helburuari ere. Hala, Ekonomia eta Ogasun sailburuak ziurtatu du Eusko Jaurlaritzak aurrekontu horiek trakzioko aurrekontu-politika arduratsuari eustearen ikuspegitik planteatuko dituela.

Halaber, Pedro Azpiazu egoera ekonomikoaz mintzatu da eta azaldu du, ziurgabetasun handiko testuinguru horretan, Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomia % 5,6 hazi zela 2021ean, eta dinamismo horri eutsi diola 2022ko lehen hiruhilekoan, % 5,7ko igoera zenbatetsi baita urte artekoan. Gainera, bigarren hiruhilekorako eskura dagoen koiuntura-informazioak ez digula pentsarazten hazkunde-erritmoa nabarmen moteltzen ari denik gaineratu du; hortaz, “pentsa dezakegu emaitzazko tasa handia izango dela, egoera makroekonomikoan aurreikusten denarekin bat”. “Koiunturazko egoera horretatik abiatuta, eta testuinguruko hipotesiak kontuan izanik, agertoki makroekonomikoak pentsarazten digu euskal ekonomiaren hazkundea moteldu egingo dela 2021eko emaitza bikainaren aldean”, azpimarratu du.

HEZKUNTZA

Bere aldetik, Jokin Bildarratz sailburuak Gobernu Kontseiluak Hezkuntza sailari lotuta onartu dituen zenbait gai garrantzitsu eman ditu ezagutzera.

Alde batetik, Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du 2022-2023 ikasturtean unibertsitatez kanpoko mailetako ikasleak eskolatzeko beka eta dirulaguntzak deitzen dituen Agindua. Deialdiak 62,5 milioi euroko zenbatekoa du orotara. Kopuru horrek 2,5 milioi euroko igoera esan nahi du aurreko beka deialdiarekin alderatuta. Bildarratzek ziurtatu du baldintzak betetzen dituzten familia guztiek jasoko dutela laguntza. Beraz, beharrezko balitz, hasierako diru-kopuru hori handitu egingo litzateke.

Bestetik, Gobernu Kontseiluak itunpeko ikastetxeei laguntzak emateko deialdi bat onartu du, enplegua mantentzeko eta irakasle-plantillak gaztetzeko akordioen esparruan, datozen urteetarako aurreikusten den demografia-beherakadaren aurrean. Deialdi honek 10,5 milioi euroko diru-kopurua du dirulaguntza horietarako.

Halaber, Gobernu Kontseiluak 15,6 milioi euroko gastua baimendu du. Kopuru hau Etxebarrin (Bizkaia) Etxebarri Bigarren Hezkuntzako Institutuaren (IES Etxebarri BHI) egungo eraikina eraitsi eta berria eraikitzeko proiektura bideratuko da.

GOBERNU KONTSEILUAREN AKORDIOAK

Gainera, ohikoa den bezala, Bingen Zupiria sailburuak, jakitera eman ditu Gobernu Kontseiluak gaur onartutako beste hainbat akordio, besteak beste, honakoak aipatu ditu:

Gaur egin den asteroko bileran, Gobernu Kontseiluak adierazi du ez dagoela ados Euskadiko Sexu eta Ugalketa Eskubideen lege proposamenarekin, jadanik eskubide horiek legerian eta gobernu planetan deskribatuta eta bermatuta baitaude. Arau iturri nagusia martxoaren 3ko 1/2002 Legea da, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legea bigarrenez aldatzen duena.

Eusko Jaurlaritzak 2022. urterako LEHIATU BERRIA programan aurrez ikusten diren laguntzen deialdia onetsi du nekazaritzako produktuen, elikagaien eta arrantzatik eta akuikulturatik eratorritako produktuen eraldaketa eta merkaturatzea finantzatzeko. Horretarako, 21,6 milioi eurotik gorako zuzkidura izango du.

Kultura eta Hizkuntza Politika sailaren eskutik, Jaurlaritzak 700.000 euroko partida onartzea erabaki du Euskadiko Kultura eta Sormen Industrien (KSI) sektorera 2022-2023 aldirako. Potentzial berritzaile handia duten proiektuak garatzen dituzten enpresentzako diru-laguntzetarako deialdia da hau. Bozeramaileak azaldu duenez, programa honen bidez, Euskadiko Kultura eta Sormen Iindustriaren sektorean potentzial berritzaile handia duten proiektuak diruz lagunduko dira, sektorearen lehiakortasuna hobetzen eta/edo nazioarteko posizionamenduan eragina dutenak, transferentzia-prozesuak garatzen eta sinergiak eta aukera-espazio berriak sortzen lagunduz.

Gai-zerrenda

Prentsa-txostena